- https://www.eibar.eus/eu/berdintasuna-andretxea/agenda/udazkeneko-jabetze-eskolako-ikastaro-berrietan-aurrematrikula-egiteko-epea-zabalik
- Udazkeneko Jabetze Eskolako ikastaro berrietan aurrematrikula egiteko epea zabalik
- 2025-09-01T08:00:00+02:00
- 2025-09-23T23:00:00+02:00
- JABETZE ESKOLA
Udazkeneko Jabetze Eskolako ikastaro berrietan aurrematrikula egiteko epea zabalik
Udaleko eta Andretxeko webguneetan eta Andretxean aurrez aurre
Beste denboraldi batez, Emakumeen Jabetze Eskola, errealitatea ikuspegi kritiko, dekolonial eta feministatik hausnartzeko, eztabaidatzeko eta aztertzeko topalekua izango da. Estrategia eta aliantza feministak sortzeko eta indartzeko gunea, non ikastaro eta tailer desberdinetatik maila pertsonalean eta kolektiboan indartzeko prozesuak bultzatuko diren.
-
Zoru pelbikoa indartzeko tailerra: gure gorputzak ahalduntzen (GAZ)
Zoru pelbikoaren gihar guztiak indartzea da tailerraren helburua. Tailerra edozein emakumerentzat da, bereziki menopausia garaian hasita edo murgilduta daudenentzat edota umetokiko edo puxikako prolapsoak sufritzen dituztenentzat, pixa-galerak dituztenentzat eta erditu berri dauden emakumeentzat.
-
Antzerki-inprobisazioaren jokotik esperimentatu ahal izateko tailerra da hau, dramaturgia kolektiboaren hastapena. Inprobisazio-tekniken bidez, geure burua pixka bat gehiago ezagutuko dugu, gure mugak deskubrituko ditugu, eta gure harremanetarako moduan baldintzatzen gaituzten blokeoak desegingo ditugu. Jolasetik eta barreetatik ezagutu eta esperimentatu nahi duen emakume orori zuzenduta dago, interpretazioan duen esperientzia kontuan hartu gabe.
-
Diafreoa: tentsio muskularrak askatuz eta gure bizipenak integratuz (GAZ)
Diafreoa maila korporala, mentala, emozionala eta energetikoa integratzen dituen lan-metodoa da. Metodo honek gorputz hizkuntzaranzko bidaia zirraragarri batean murgiltzera eta tresna fisikoak zein emozionalak barneratzera gonbidatzen zaitu.
Ehun sakoneko tentsioak askatzea bilatuko dugu, eta gihar-kateetan bizitzari aurre egiteko eta geure botere pertsonala gauzatzeko behar dugun egitura aurkitzen lagunduko digu.
Aurrematrikula -
Autodefentsa Feminista tailerra (EUS)
Zer dira eraso sexistak? Nola pairatzen ditugu? Zeintzuk dira gure bizipenak eraso horien aurrean? Nola identifikatu erasoak? Emakumeok pasibotasunaren ideian hezten gaituztenez, babesaren beharra dugun pertsonak garela sinesten dugu. Ideia hori hautsi eta geure burua ezagutu, egoeraz jabetu eta boteretzeko autodefentsa feminista lehenesten dugu. Egin aurre indarkeria sexistari. Nik, zuk, guk … ekin!
Aurrematrikula -
Mugimendu adierazkorra lantzeko tailerra: gorputz-adimena, emozioak eta ahalduntzea (EUS)
Saio hauek Mugimendu Adierazkorra lantzera bideratuta daude, eta haien helburua da, arreta gorputz-adimenean jarrita eta taldean batzeak ematen duen indarra aprobetxatuz, dantza gidatua eta librearen, musikaren, hitzaren, eta kontaktuaren bidez, konfiantza, bizitasuna, ahalmen pertsonala, askatasuna eta sormena berreskuratzea eta aktibatzea. Helburua emakumeok gure gorputzari, emozioei eta ahalmenei jarritako mugak identifikatu eta hauei aurre egiteko bideak lantzea da.
Aurrematrikula -
Gure inguruko sendabelarrak ezagutu eta erabiltzen hasteko oinarrizko ikastaroa (EUS)
Ikastaro honetan gure inguruko sendabelarrak ezagutu eta identifikatuko ditugu. Zertarako balio duten eta nola erabil ditzakegun ikusiko dugu: nola eta noiz bildu, nola kontserbatu eta nola hartu. Era berean, sendabelar hauekin oinarrizko prestaketak egiten ikasiko dugu (beratuak oliotan eta alkoholetan). Azken horietatik abiatuz baltsamo eta ukenduak egiten ere ikasiko dugu.
Aurrematrikula
Informazio guztia Andretxearen 2025eko udazkeneko programazioaren liburuxkan ere jasota dago.
Aurrematrikulak 2025eko irailaren 1etik irailaren 23ra egin ahal izango dira (biak barne). Udalaren eta Andretxearen webguneetan eskuragarri dagoen online inprimaki bat bete beharko da. Andretxean ere aurrez aurre bete ahal izango da.