Uztailaren 22ra arte dago zabalik Eibarko Udal Euskaltegiko irakasleen lan-poltsan izena emateko epea

2016/07/04
Lan-poltsan sartzeko ez da azterketarik egin behar. Merituen balorazioa egingo da. Hautagaiek diplomatura, lizentzia, gradua edo horien baliokidea eduki behar dute eta IVAPeko 4. HE, derrigorrezkoa.

Eibarko Udalak datorren uztailaren 22ra arte izango du zabalik Eibarko Udal Euskaltegiko euskara irakasleen lan-poltsa sortzeko lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea, Udal Euskaltegian sor daitezkeen langile-beharrei aurre egiteko egiten dena.

Euskaltegiko irakasleen ordezkapenak egiteko lan-poltsa honetan sartzeko baldintzak hauexek dira: diplomatura, lizentzia, gradua edo horien baliokidea izatea eta IVAPeko 4. HE, derrigorrezkoa. Edozelan ere, onartzekoak izango dira HABEk Euskaltegietako irakasleak homologatzeko egin zituen probak gainditu zituzten irakaslegaiak.

Merituak baloratzeko orduan, Epaimahaiak, besteak beste, ondoko meritu hauek hartuko ditu kontuan: HABEk ziurtatutako esperientzia irakaskuntzan, titulu akademikoak (Euskal Filologiako gradu edo lizentzia, Irakasle-ikasketak Euskal Filologian, Irakasle-ikasketetako diplomatura edo gradua haur-hezkuntzan), helduei euskara irakastearekin zerikusia duten HABEk, EHUk, UNEDek edo IVAPek emandako ikastaroak eta informatika-ezagutza.

Lan-poltsa honen lehiaketan sartzeko eskaerak uztailaren 22ra arte egin daitezke Pegorako bulegoan.