Urkizuko iturriak, konpondu ondoren, bertako bizi guztiko ura ematen du orain.

2013/04/11
Urkizuko iturria konpondu egin da eta, horri esker, bertako eta betiko iturriko ura da oraingoa. Hango ur emaria, bederatzi litrokoa da minutuko. Iturrira joaten zirenek ikusi zutenez, azken aldi honetan, ur gutxiago zetorren.

Udal lantaldekoek ikusi zutenez, burdinazko hodi zaharrean zati batzuk trabatuta zeuden. Horregatik, iturria dagoen lekutik haren "madria" edo iturburua dagoen lekuraino, Urkizu kalearen 36. zenbakian,  hodi berria sartu behar izan da.

Urkizuko iturria herriko iturririk zaharrenetakoa eta ezagunenetakoa da. Udaletxean iturri horri buruz dauden datuen arabera, iturri hori, lehen, Urkizuko 36an zegoen, Errastitarren forjaren azpian, eta 1900. urte ingurukoa da. 1976. urtean, lekuz aldatu zen eta Urkizuko parkera ekarri zen; ordutik hona egin zaion lehenengo konponketa hauxe izan da.