Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalaren WiFi sarearen hedapena

2014/01/10

Udalak wifia beste sei puntu berritan jartzeko lanean dihardu Errebal, Zuloagatarren eta Plaza Barrian, horietatik 4 jadanik martxan daudelarik.

Eibarren, wifi bidez Internetera doan konektatzeko sistemaren erabilerak –udalak orain dela hiru urte ezarria- gorakada handia izan du.  Memento honetan erabiltzaile-kopurua 4.377koa da (abenduan erregistratutako datua). Aldi berean, udalak sistema ezartzen segitzen du sarea konexio-puntu berri batzuetara hedatuta.

 Joan zen abenduan hasi ziren Zuloagatarren kalean, Plaza Barrian eta Errebal kalean wifi bidezko konexio-aukera hedatzeko lanak.  Denera sei dira  instalatzen ari diren konexio-puntu berriak; horietatik lau dagoeneko jarrita eta martxan daude.

Eibarren, udalak ezarritako sare horretatik Internetera doan sartzeko sistema hori erabiltzen duen pertsona-kopurua gora doa etengabe.  2011. urtea amaitzerakoan (martxan zegoen lehenengo urtea osoa) 1.409koa zen erabiltzaile-kopurua. Handik urtebetera zenbatekoa 2.756koa zen.

 Joan zen urtean, 2013an, pixkanaka joan zen jende-kopurua gehitzen: hileko ehun bat erabiltzaile berri gehiago. Urtarrila amaitu zenean 2.882 ziren, ekainean 3.477 eta abenduan 4.377.

Eibarren wifi sistema ezartzeko asmoa aspaldikoa da. Hala ere, 2011.urteko urtarrila arte ez zen martxan ipini. Lehenengo fasean Untzaga plazaren inguruak, Txaltxa Zelaiko parkea eta Urkizu aldea sartu ziren.

Urtebete inguru iraun zuen hasierako faseak baina Interneteko erabiltzaileen artean duen harrera ezin hobea  egiaztatzeko balio izan zuen. Bigarren fasean sistema herriaren erdialdera iritsi zen: Toribio Etxeberria kalera eta San Andres pasealekura.

Eta hirugarren fase honetan konexio-puntu berrien instalazioari ekin zaio: Errebal, Zuloagatarren eta Plaza Barria. Gaur egun, guztira, 24 konexio-puntu daude herrian.

Sarearekin lotzeko, erabiltzailea wifi puntu batetik gertu jarri behar da (panelekin identifikatuta daude) eta seinalea topatu gailuarekin. Pantailan agertuko da pegora bat eta hor erabiltzailea eta pasahitza sartu behar dira, Wiloc-en erregistratu ondoren eskuratuko direnak.