Udalak, une latz honetan, elkartasuna adierazi nahi die Nepalen bizi direnei

2015/04/27
Nazioarteko laguntza deiarekin bat egin eta erantzunez, Eibarko udalak 3.000 euroko emergentziazko diru-laguntza bat ematea onartu du, Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez bideratuko dena.

Eibarko udalak, emergentziazko laguntza gisa, 3.000 euro ematea erabaki du Nepalen bizitzen ari diren egoeraren aurrean, izan ere, joan zen zapatuan Richter eskalako 7,9 graduko lurrikara batek 2.000 hildakotik gora eta egoera ezin negargarriagoa utzi baitu lurralde hartan.

 Herrialde hartan, lehenengo lurrikara handiaren ondoren hogei bat erreplika baino gehiago jasan izan dituzte azken egun biotan; milaka dira zaurituak; ospitaleak lanean dabiltza baina gainezka dauzkate. Herrialde hartako agintariek larrialdiko egoera deklaratu dute eta nazioarte osoari laguntza eskatu diote; elkartasun dei larria egin dute, eta Eibarko udalak dei horri erantzun eta laguntza berezi hau onartu nahi izan du, Eibar-Ermua Gurutze Gorriak bideratuko duena.

Espainiako Gurutze Gorriak Osasun Larrialdietako Erantzun Unitatea martxan ipini du eta alerta-aurreko egoeran daude beste holako lau.  Lehenengo sorospen laguntzetarako diruak edo funtsak bidali dira; bidali da baita premia handiko materiala larrialdietako giza-laguntza artikuluez osatuta (sukaldeko gauzak, ur-bidoiak, toldoak, estalkiak, mantak...). Gainera, dirua batzeko bideak zabaldu ditu, nepaldarrak jasaten ari diren egoera honi aurre egiten lagundu nahi dutenei aukera izan dezaten.

Eibarko udalak beharrezkoa ikusten du nazioarteko laguntza dei honekin bat egitea eta erantzutea.