Udalak, une latz honetan, elkartasuna adierazi nahi die Gaza-ko lurraldean bizi direnei

2014/07/16
2009an egin zuen bezala, Eibarko udalak 3.000 euroko emergentziazko diru-laguntza bat ematea onartu du, Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez bideratuko dena.

Eibarko udalak, emergentziazko laguntza gisa, 3.000 euro ematea erabaki du Gazako lurraldean bizitzen ari diren egoeraren aurrean. Horrela, Gurutze Gorriak egin duen deiari erantzuten dio, Israel eta Palestinaren arteko gatazka horren aurrean gizatasunezko laguntza eskatzen egindako dei larria.

Laguntza hau -2009an egin zuen bezala,  urte hartan ere orain eman duen 3.000 euroko laguntza horren pareko beste laguntza bat eman baitzuen- Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren biktimei elkartasuna adierazteko da eta Eibar-Ermua Gurutze Gorriak bideratuko du.

 Gurutze Gorriak eta Ilargi Gorriak alarma guztiak piztu dituzte lurralde palestinarrean dagoen osasun arreta premia ikaragarria delako, eta inguru hartako egoera alertarik handienean jarri dute, 5eko maila eman baitiote. Ilargi Gorriaren azpiordezkaritza eta hiru anbulantzia suntsitu dituzte israeldarren erasoek. Horrez gain, langile batzuk eta boluntario batzuk zauritu egin dituzte. Orain arte, nazioarteko mugimenduak 60.000 pertsona atenditu ditu. Nazioarteko laguntza-mugimendu horrek 1000 palestinar eta 700 boluntario ditu han lanean.

Gurutze Gorriak duen helburua, datozen sei hilabete horietan,  milioi bat euro batzea da.  Ilargi Gorriak, orain arte kaltetuta atera diren 316.000 pertsona horiei arreta eskaintzeko beharrezkotzat jotzen duenaren hamarren bat.

Gurutze Gorriak ezarri dituen lehentasunak hauek dira: larrialdietako osasun zerbitzuak eskaintzea, zaurituak ebakuatzea, larrialdietako kitak banatzea, kaltetuei laguntza psikosoziala ematea, azpiordezkaritza berreraikitzea eta suntsitutako anbulantzien ordez beste anbulantzia berri batzuk jartzea.

Eibarko udalak beharrezkoa ikusten du Gurutze Gorriak nazioarte osoari egin dion dei horrekin bat egitea eta erantzutea.