Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak laugarren urtez jarraian lagunduko die bertako PYMEei beren erronka berrietan

2017/10/03

Deialdi honetan, berrikuntza-, nazioartekotze- eta digitalizazio-proiektuak lagunduko dira diruz, eta baita inbertsioak eta nazioartekotzea sustatzeko jarduerak ere. Eskaerak egiteko epea irailaren 26an hasi zen eta 2017ko azaroaren 17an bukatzen da.

Eibarko Udalak ikerketak eta jarduerak sustatzeko diru-laguntza lerro bat jarri du abian, 50 langile baino gutxiagoko enpresen lehia-ahalmena hobetzeko xedez. Deialdi honetan diruz lagunduko dira berrikuntza-, nazioartekotze- eta digitalizazio-proiektuak, inbertsioak eta baita nazioartekotzea bultzatzeko jarduerak ere.   

Inbertsioetan, enpresaren produktuetan, zerbitzuetan eta prozesuetan berrikuntza esanguratsuak egitera zuzendutako elementuak lagunduko dira diruz; halaber, produktu berriak garatu edo eskuratzearekin lotutakoak edo egungo produktuak eta prozesuak hobetzearekin lotuak.

Nazioartekotzean, diruz lagunduko dira kanpoko merkatuetan bazkide, banatzaile, eragile eta bezeroak bilatzeko jarduerak eta baita nazioartekotze-plana ere.

Diru-laguntzen zenbatekoa 3.750 eta 4.550 euro artekoa izango da, enpresaren tamainaren arabera; txikienek diru-laguntza handiagoa jasoko dute. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 26an hasi zen eta azaroaren 17an amaituko da. Enpresa batek baino gehiagok batera parte hartzen badute proiektuetan, enpresa bakoitzak eskaera bat egin beharko du adieraziz zein beste enpresarekin batera aurkezten duen proiektua.

Eskaerak PEGORAn entregatuko dira; enpresa bakoitzeko eskaera bat bakarrik aurkeztuko da.

Lau urte dira ekimen hau sortu zela Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikoaren Sailetik eta haren arduradun Alberto Albistegui jaunak dioenez: “Konbentzituta gaude berrikuntza ezinbestekoa dela enpresen garapenerako, eta jarraitu egingo dugu geure enpresekin elkarlanean. Iaz, enpresa batzuek, diru-laguntza hauen bitartez, produktu-lerro berriak zabaldu zituzten. Guk jarraituko dugu Eibarko enpresa txiki eta ertainei laguntzen, Eibarko motore ekonomiko dira-eta”.

Aurreko deialdietan egindako ikerketek honako alorrak jorratu zituzten: produktua, zerbitzua, merkatu-marketina, prozesuak, antolaketa, pertsonak, kalitatea edo ingurumena. Iaz 23 enpresak aurkeztu zituzten beren proiektuak. Proiektu hauen edukiak dira, besteak beste, produktu berriak eta zerbitzuak diseinatzea, instalazio-antolaketa hobetzea, diagnostiko teknologikoak, kudeaketa-eredu berriak, digitalizazioa, merkatu berrietan sartzea edo lehiakor izateko arreta-sistemak bilatzea.

etiketak: PYMEak, Eibar, diru-laguntza