Osasun Sailak, Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak eta Eibarko Udalak elkarrekin lan egingo dute etxez etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileek sendagaiak hobeto erabiltzeko

2017/04/12
Eibarko Udalak, gaur goizean sinadura jartzean, bat egin du Programa honekin, eta bertan parte hartzen dute dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko 140 udalerrik eta 322 farmaziak. 800 pertsona inguruk jaso dituzte lankidetza horren onurak, eta haietako % 93 inguru sendagai asko hartzen dituzten pazienteak dira, batez beste 10 pilula eguneko, eta % 42 bakarrik bizi da etxean etxez etxeko laguntzaz.

Eibarko Udala, gaur goizeko sinadura ekitaldiaz, bat egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Sendagaigileen Elkarteak Euskadiko udalekin batera ontzen ari diren programarekin, medikamenduak kudeatzen zailtasunak izan eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuari atxikitako pertsonen medikamenduen erabilera hobetzearren.  

Era horretan, Eibarko Udalak etapa berri bati helduko dio duela bi urte jada hasitako prozesuan, eta gaurko ekitaldiaren ondoren gauzatu eta martxan jarri ahal izango dute.

Lankidetza programa honen bitartez, medikamendua errazago eskuratu eta tratamendua behar bezala betetzea bilatzen da, baita etxeko laguntzaile edota zaintzailearekin lankidetzan aritzea ere sendagaiak eskuratu, gorde eta hartzeari buruzko gaietan.  

Horretarako, dosiak kalkulatzeko sistema pertsonalizatu batzuk erabiltzen dira (SPD), eta bertan zehaztu egiten dira pazienteak egunaren une bakoitzean hartu beharreko konprimituak, dosia behar bezala hartzeko informazio egokiaz lagunduta. Udal bakoitzeko Gizarte Zerbitzuen zuzendaritzak hautatzen ditu erabiltzaile parte-hartzaileak eta, Programarekin bat egin aurretik, haien baimena eman behar dute. Ondoren, erabiltzaileak farmazia aukeratzen du, eta elkarrizketa bat egiten zaio hartzen duen medikazioari eta haren osasun arazoei buruzko informazio guztia biltzen duen fitxa bat prestatzeko. Hamabost egunean edo astean behin, farmazialariak dosi pertsonalizatuetan prestatu eta ematen du medikazioa.

Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako farmazia zuzendariaren hitzetan, honelako programek tratamendu farmakologikoaren segurtasuna eta eraginkortasuna segurtatzen laguntzen dute pazienteen eta haien senitartekoen alde, hainbat azterketek zehaztu baitute gaitz kronikoak dituzten adineko pertsonen % 50-60k ez dutela tratamendua behar bezala betetzen, horiei lotzea haien ongizaterako ezin bestekoa den arren, eta horregatik da garrantzitsua medikazioa kontrolatzea.

Iñaki Betolazak nabarmendu du, gainera, honelako programak Euskadi bultzatzen ari garen arreta soziosanitario eredu berrian kokatzen direla, osasun eta gizarte zerbitzuen koordinazioan oinarrituta eta pertsona sistemaren ardatz nagusi bihurtuta, gero eta zaharragoa den gizarte baten beharrizanei eta problematikei erantzuteko; izan ere, gero eta gehiago dira gaitz kronikoak, eta mendekotasuna gero eta handiagoa.

Halaber, Miguel de los Toyos Eibarko alkateak oso onuragarritzat jo du hiru erakundeen arteko lankidetza; izan ere, “oso garrantzitsua da partaide guztion batasuna herritarrentzat oinarrizko eta beharrezkoa den osasuna bezalako zerbitzua bermatzeko. Tresna guztiak garatu behar ditugu erakunde publiko garen aldetik pertsonen ongizatearen alde lan egiteko, eta Eibarko Udala urratzen ari den bide berri honek lagundu egingo du horretan”.

Beste alde batetik, Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarte Ofizialaren presidenteordeak, Maria Echevestek, nabarmendu du “gure helburu nagusia d[el]a sendagaiei buruzko profesional adituak garenez gipuzkoar herritarrek horiek ezin hobe eskuratu ahal izatea eta medikamentuak behar bezala erabiltzea. Elkarteak lan egiten du sendagaiak hartzen dituzten pertsonen osasuna hobetzen benetan laguntzen duten zerbitzuak ezartzeko eta eraginkortasunez eta segurtasunez hartzen direla bermatzeko, uneoro saiatuz tratamenduak duen osasun helburua betetzea. Gaur Eibarko udalak bat egin duen programa, zalantzarik gabe, horren erakusgarria garbia da”, adierazi du.

EAEn akreditatutako 140 udalerri eta 690 farmazia

Lankidetza hitzarmenen bitartez, Euskadiko 140 udalerrik parte hartzen dute jada programa honetan eta, horretarako, 690 farmazia akreditatu dira, eta horietako 322k pazienteak dituzte. Egun, etxez etxeko zerbitzuen 800dik gora erabiltzailek jasotzen dituzte programaren onurak.

Gipuzkoaren kasuan, Eibar gehitu ondoren, 34 udalerrik parte hartzen dute jada programan, eta lurralde osoan 261 farmazia daude bertan akreditatuta (guztizkoaren % 91). Horietatik 115ek prestatzen dute 320 gipuzkoar herritarrentzako medikazioa.

Aurten, Osasun Sailak finantzatutako programak 300.000 euroko aurrekontua du eta, beraz, joan den ekitaldian baino 10.000 gehiago; izan ere, urtetik urtera arreta jasotzen duten pertsonen kopurua gero eta handiagoa da, baina gastu hori berdindu egingo da, tratamenduari lotuz pertsonen bizi kalitatea hobetzen baita, ospitaleratzeak ere eragozten ditugu, eta sendagaiak modu zentzuzkoagoan erabiltzeko balio du.