Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Oinezkoen pasabide goratuak egiteko lana Probisa Vías y Obras SLU enpresari adjudikatu zaio

2015/12/04

Bidebarrieta, Calbetón eta Barrena kaleetan oinezkoen pasabide goratuak egiteko obrak 54.890,44 euroan adjudikatu ditu Kontratazio Mahaiak (BEZa barne); beraz, proiektuaren lizitazioan zehaztu zena baino 20.000 euro gutxiago. Obrak egiteko epea lau astekoa izango da. Eibarko Udala leku gehiagotan ari da jartzen oinezkoen pasabide goratuak. Era horretan, traba arkitektonikoak ezabatzeaz gain, oinezkoen segurtasunaren alde dihardu biharrean.

Eibarko Udalak aurrera darama herriko hainbat lekutan oinezkoen pasabide goratuak jartzeko asmoa. Aste honetan bertan, Kontratazio Mahaiak lan horietako batzuk adjudikatu dizkio Probisa Vías y Obras SLU etxeari.

Obrok 54.890,44 euroan adjudikatu dira (BEZa barne): Proiektuaren lizitazioan obra horientzako zehaztu zen zenbatekoa 74.999,91 eurokoa izan zenez (BEZa barne), lanok 20.000 euro gutxiagoan aterako dira eta Eibarko hiru lekutan egingo. Konponduko den aurreneko pasabidea Bidebarrieta kaleko oinezkoen pasabidea izango da, hain zuzen ere Arikitxaneko zubiaren eta Urtzaile kaleko 1aren arteko bidegurutzean dagoena, jende asko ibiltzen baita handik zehar.  Calbetón edo Kalbetoi kalean 1aren eta 4aren artean dagoen oinezkoen pasabidea goratuko da. Eta hirugarrena, Barrena kaleko 50koa izango da, herriaren sarreran egon eta trafiko askoko aldea delako.  Barrena kalekoan obrak fase bitan egingo dira. Lehenengo fasean zenbaki bikoitien espaloiari dagokion zatia egingo da, eta hura egin eta gero, gainerako zatiari ekingo zaio.

Datorren urtearen hasiera aldean hasiko dira obrok egiten; lau aste dauzka enpresak obrak amaitzeko. Lanak gauez egingo dira, asteburuetan edo fase batean baino gehiagoan, oinezkoei eta trafikoari ahalik eta kalte gutxien egiteko.

Horrela, lan horiei esker, helburu bi betetzen dira: alde batetik, auto-gidariak abiadura murriztera behartzea (inor harrapatzeko arrisku gutxiago), eta bestetik, alderik alde jartzen diren bandak baino sistema hobeagoa da, ez hain zakarra. Gainera, goratutako pasabide hori espaloiaren altura berdinean geratzen denez, mugikortasun murriztuko pertsonentzako errazagoa da.

Zati horiek lehendik ere Eibarko kaleetan jarrita daudenei gehituko zaizkie, funtzionamendu ona dutela egiaztatu ondoren jarri baitira.