IMESAk bide judizialetik joko du "swap" delakoen deuseztasuna eskatzeko

2013/01/17
Eibarko Udal Inmobiliariak, IMESAk, epai bidetik joko du, hirigintza-jarduera batzuk burutzeko asmoz Banco de Santanderrekin izenpetu zuen hipoteka-kreditu baten ondorioz, bankuak, “swap” deritzon finantza-produktuaren kontratua behartuta ezarri ziolako eta horren ondorioz 900.000 euro inguru galdu dituelako.

Joan zen asteartean, Eibarko Bilduk Imesaren gestio txarraren ondorioz izandako diru-galera hori salatzeko eta erantzukizun politikoa eskatzeko egin zuen prentsaurrekoan esandakoaren harira, Eibarko alkate eta Udal Inmobiliariaren presidente den Miguel de los Toyos jaunak, akusazio horiei erantzun die eta egoera honetara heltzeko prozesu osoa zehaztasunez azaldu du eta garbieta argi esan du "momentu batean bertan ere ez da egon, ez gauzak ezkutatzeko asmorik, ez ilunkeriarik eta ezta erantzukizunen utzierarik ere."

2004. urtean, Imesa burutzekotan zegoen etxe-sustapen plangintza haren testuinguru hartan, hipoteka-kreditu bat izenpetu behar zen eta eskaintzarik onena Banco de Santanderrena zela iritzi zen. Kreditu hori formalizatzerakoan, Banco de Santanderrek, “derrigorrean”, Imesa finantza-produktu bat izenpetzera behartu zuen, “swap” zeritzona.

Imesako gerenteak, kargu horrek ematen zizkion ahalmenen eta eskumenen barruan, finantza-produktu hori hipoteka-kredituaren asegurutzat hartuta, “swap” delakoak izenpetu zituen.

Kontratuaren aurreneneko urteetan ez zen aldaketa nabarmenik ikusi bankuak egindako likidazioetan, baina, gerora, lortzen ziren emaitza ekonomikoek ez zutela zerikusirik bankuak berak azaldu zuenarekin ikusita, Imesa, 2010. urtean, akordio hura bertan behera uzten eta produktu hori ezabatzen ahalegindu zen, baina Banco de Santanderrek uko egin zion horri, edo, berariazko ukorik eman ez bazion ere, baldintza onartezinak ezarri zituen. Horren inguruan Miguel de los Toyos jaunak hauxe ekarri du gogora: “egoera hori beti islatu da Imesari egindako auditorietan, beraz, inoiz ez da izan ezer ezkutatzeko asmorik."

“Azken urte hauetan -azaldu du Miguel de los Toyos jaunak- "swap" izeneko finantza-produktu hori, hainbat instantziatan abusuzkotzat hartu izan da izenpetu zuten bezeroentzat, eta badaude epai edo sententzia batzuk hori baliogabetu daitekeela diotenak. Horren aurrean, Imesak, aldez aurretiko tramiteei eta epai bideari ekin die produktu horren deuseztasuna eskatzeko, bankuarekin galdu den dirua eta prestazioak berreskuratzeko; beraz, alde horretatik nahiko baikorrak gara.”

Imesako presidenteak erantzukizun politiko guztia ukatu du eta esan du edozein kasutan ere, “gerentziaren gestioa izango dela baloratu beharko dena”. Aldi berean hauxe baieztatu du: EH Bilduk eskatu bezala, Iñaki Arriolak, kreditu hura izenpetu zenean alkate eta Imesako presidente zenak, “ez duela inongo arazorik izango Udal Inmobiliariaren Administrazio Kontseiluan agertzeko” .