I. Kontsumo Arduratsuaren Astea Eibarren ekimena abian da

2016/05/11
“Kontsumo arduratsua martxan jarri!” goiburuarekin helburu bikoitza lortu nahi da: Naturarekiko errespetu eta zainketan eta justizia soziala oinarri duen kontsumo eredu alternatiboa ezagutaraztea. Eta, aldi berean, Eibarko herritarrengan kontsumo arduratsua bultzatzea. Ekimena maiatzaren 9tik 14ra bitartean luzatuko da.

Udaletxe barruko patioak Kontsumo Arduratsuaren I. Astea Eibarren ekimenaren aurkezpena hartu du gaur, maiatzak 11, hain zuzen ere, Bidezko Merkataritzako Nazioarteko Egunean. Ekimena aurreko astelehenean, maiatzak 9, martxan ipini zen eta zapatura arte, hilak 14, luzatuko da.  Egoaizia GKE eta Aldatzen elkarteko boluntarioek, Eibarko Alkate Miguel de los Toyosekin batera, aurkeztu dute ekimena “Kontsumo arduratsua martxan jarri!” izenburupean. Ekimenak bi helburu ditu; alde batetik, naturarekiko errespetu eta zainketan eta justizia soziala oinarri duen kontsumo eredu alternatiboa ezagutaraztea, eta, bestetik, Eibarko herritarrengan kontsumo arduratsua bultzatzea.

Horretarako, bidezko merkataritza eta tokian tokiko ekoizpen ekologikoa izango dira aste honetako protagonistak. Astelehenetik aurrera eta maiatzaren 14ra arte udaletxeko harreran bi erakusketa egongo dira ikusgai: bidezko merkataritza kontsumitzeko 10 arrazoiak azaltzen (Bidezko Merkataritzako Estatu mailako Koordinakundea / KIDENDA) eta, horrekin batera, “Gure Lurra, Gure Etorkizuna” izenburukoa (EHNE Bizkaia/Bizilur) ere egongo da ikusgai.

Bestalde, larunbatean, hilak 14, kale-ekintzak egingo dira, anbulatorioko parkean: 10:30etik 14:00era bidezko merkataritzako eta tokian tokiko elikagai ekologikoen erakusketa eta salmenta; 12:00etan elikagaien dastaketa; 12:00etatik 13:00era “Hazidun bonben” tailerra egingo da, 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, Ekologistak Martxan-en eskutik; eta 14:00etan saskia zozketatuko dute. Hori guztia girotzen Sapali perkusioak eta Ttakun txalaparta taldeak jardungo dute.

Ekimena “Hezkuntza unibertsala, gure konpromezua Iparraldean eta Hegoaldean”, Egoaizia GGKE-k eta ALDATZEN-ek elkarlanean garatutako proiektuaren barnean txertatzen da. Proiektuak Eibarko Udalaren eta Aldatze ikastetxeko Guraso Elkartearen babesa dauka. Bestalde, ekimena antolatzeko parte hartu duten eragileak honako hauek izan dira: Kidenda, EHNE Bizkaia, “Aza Ta Porrua” Eibarko Kontsumo Ekologiko Taldea, Bizilur eta Estatu mailako Bidezko Merkataritzako Koordinakundea.

I. Kontsumo Arduratsuaren Astea Eibarren ekimena abian da

I. Kontsumo Arduratsuaren Astea Eibarren ekimenaren aurkezpena, Udaletxeko sarreran.