Esleitu da Ipuruako estali gabeko igerilekuetako aldagelak eraberritzeko obra. Lanak irailean hasiko dira.

2016/07/26
Lanok 219.995,41 euroko balioa izango dute (BEZa barne) eta hamaika astez luzatuko dira; herritarrentzako zerbitzuaren kalitatea hobetzeko aukera emango dute.

Ipuruako estali gabeko igerilekuetako aldagelak eraberritzeko obrak aukera emango du aipatutako instalazioek erabiltzaileei eskaintzen dieten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Lanak irailean hasi -udako denboraldia amaitu ostean- eta hamaika asteko epean bukatuko dituzte, urtea amaitu baino lehen. Udalak El Corte Inglés enpresari esleitu dizkio lanak 219.995,41 euroan (BEZa barne). Obra 299.636 euroan irten zen lizitaziora.

Lehiaketara atera den proiektuaren helburua da beheko solairua eraberritzea, haren instalazioak berritzeko, eta, horrela, horiek hobetuta eta modernizatuta, konfort handiagoa eskainiko zaie erabiltzaileei, eta, aldi berean, horrelako instalazioei buruzko araudia beteko da eta haietarako irisgarritasuna erraztuko da. Aldagelak dauden beheko solairu horrek 357 metro koadroko azalera eraikia du, eta 289 metro koadroko azalera baliagarria.

Eraberritze-obrarako proiektuaren arabera, kontserbazio-egoera onean dago eraikina oro har, baina hainbat moldaketa egin beharra dago irisgarritasuna errazteko. Era berean, instalazioak eta materialak berriztatu beharra dago, erabiltzaileentzako kalitatea hobetzeko eta egokitu ahal izateko instalazioak erabiltzen diren modura. Eraikinaren teilatua egoera onean dago, eta ez du estankotasun arazorik, lehen taberna zenaren eremuan izan ezik (gaur egun itxita), horretan itoginen bat dago eta.

Honako obra hauek egin behar dira, besteak beste: zenbait horma eraistea, zurajeak eraikitzea, aparatu sanitarioak eta iturgintza-instalazioak jartzea, azuleju, manpara, zur-lan eta horma berriak jartzea, margotzea, kanpoko arotzeria aldatzea (leiho eta ate guztiak aldatzea) eta instalazio elektrikoa aldatzea.

Gainera, argi guztiak berriztatuko dira, arruntak zein segurtasunekoak; instalazio hidrauliko berria jarriko da; ur-beroko sistemak aldatuko dira; komunetako aparatu sanitarioak eta dutxetako txorrotak berriztatuko dira; ur beltzak biltzeko sistema berri a jarriko da; eta, azkenik, megafoniako eta suteen aurkako instalazioak aldatuko dira.

Jarduketa hau da gobernu-talde sozialistak agintaldi honetarako ezarri zituen helburuetako bat, hiriaren kirol-instalazioak hobetzeko arloan. Ildo horretan, Miguel de los Toyos alkateak esan du: “proiektu honekin segitzen dugu apustu egiten Kirol Patronatuaren instalazioak eta ikastaroen eta jardueren eskaintza etengabe hobetzearen eta modernizatzearen alde, erabiltzaileek gozatu ahal izan dezaten kirol-eskaintza zabal eta askotarikoa, kirolaren azken joerak ere barne hartuta”.

Esleitu da Ipuruako estali gabeko igerilekuetako aldagelak eraberritzeko obra. Lanak irailean hasiko dira.

Ipuruako estali gabeko igerilekuak.