Eskolako Agenda 21eko osoko bilkura hartu du Udalak

2016/05/12
Eibarko eskoletako ikasleek biodibertsitatearen gaia landu dute, 2015-2016 ikasturtean zehar. Horretarako, Eibarko Udaletxean Udalbatzar berezia egin da, non ikasleek euren biodibertsitatearen aldeko ondorioak, proposamenak eta eskaerak aurkeztu dituzte.

Eibarko Udaletxeak Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra hartu du gaur, hilak 12. Bertan, 9 eskoletako 80 ikaslek hartu dute parte: Amaña, Arrateko Andra Mari, Urkizu, San Andrés, J. A. Mogel, DBH Itzio, La Salle Azitain, La Salle Isasi eta Mogel Isasi.

Ikasturte honetan zehar, eskolek biodibertsitatearen gaia landu dute eta, horretarako, Eibarko Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesaren laguntza izan dute. Aipatutako gaia lantzeko helburuarekin, ikasleriak egin dituen ekintza aipagarrienak honako hauek dira: Eibarko parkeen eta gune berdeen azterketa biodibertsitatearen ikuspuntutik, flora eta faunaren espezie inbaditzaileak edota Ego errekaren ekosistema, besteak beste.

 

Gaur egungo diagnostikoa egin ondoren, udalbatzarrean, ondorioak eta iradokizunak aurkeztu dira biodibertsitatea sustatzeko Eibarren. Gainera, ikasleek konpromezu desberdinak hartu dituzte euren elikatzeko ohiturak hobetzeko eta birziklapenaren alde egiteko.

Proposamen nagusiak

Eibarko Udalari egindako proposamenen artean, honako hauek dira aipagarrienak:

  • Parkeetan gune berde gehiago prestatzea eta bertako espeziei lehentasuna ematea bere diseinuan.
  • Herriko zuhaitz esanguratsuenen inbentario bat egitea.
  • Ego errekan eta bere ibaiadarretan garbiketa kanpaina egin eta biodibertsitatea sustatu.
  • Espezie inbaditzaileen desagertarazpena, batez ere, listor asiatikoak eta flora espezie inbaditzaileak.

Udal ordezkariek proposamen hauek kontuan hartu eta erantzuna eman diete ikasleei. Eta, bilera horren garrantzia azpimarratu ondoren, eskolek Agenda 21ean egindako lana eta parte-hartzea eskertu dute.

Eskolako Agenda 21eko osoko bilkura hartu du Udalak

Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra gaur, hilak 12.