Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Enpresen Administrazioan eta Giza Zientzietan formakuntza duten emakumeen enplegagarritasuna hobetzeko programa sustatuko du Eibarrek

2016/12/16

Langabezian egon eta profila betetzen duten hamabost emakumek eta beren lan-etorkizuna merkataritzarekin lotutako lanbideetara bideratu nahi dutenek, trebakuntzan eta gaitasunen eta konpetentzien hobekuntzan formakuntza jasoko dute.

Eibarko Udalak langabezian dauden emakumeen enplegagarritasuna hobetzeko programa ipiniko du abian; Enpresen Administrazioan eta Giza Zientzietan formakuntza duten emakumeak izango dira, -Lanbide Heziketa zein unibertsitateko ikasketak- eta beren lan-etorkizuna merkataritzarekin lotutako lanbideetara bideratu nahi dutenak. Lanbideko datuen arabera, Eibarren administrazio eta giza zientziekin lotutako ikasketak dituzten 219 emakume daude langabezian.

Horietako 170 emakumek formazioa dute teknikari, diplomatu edo lizentziadun moduan honako ikasketa hauetan: merkataritza-jardueretan, kudeaketa administratiboan, nazioarteko merkataritzan, administrazioa eta finantzetan, zuzendaritzaren laguntzan, enpresa zientzietan, lan harremanetan, ekonomian edo enpresen administrazio eta zuzendaritzan. Eta langabezian dauden beste 49 emakumek honako ikasketa hauek dituzte: gizarte hezkuntza, gizarte langintza, turismoa, pedagogia, arte ederrak, ikus-entzunezko komunikazioa, historia, psikologia, soziologia, kazetaritza, publizitatea eta zuzenbidea.

Udal ekimen horren bitartez, langabezian dauden pertsonen prestakuntza profesionala handitu nahi da beren enplegagarritasuna hobetzeko eta langabezia-tasa jaisteko. Aldi berean, genero-bretxa gutxitu nahi da langabezian dauden pertsonen artean; gaur egun, % 6 handiagoa da emakumeen artean, gizonezkoekin alderatuta.

‘Zure lanerako bidea’ izeneko udal programak jarraitzen dituen helburuak honako hauek dira: aipatutako emakumeen enplegagarritasuna handitzea, salmenta prozesua egoki kudeatzeko prestatzea eta eraginkortasun komertziala handitzea Eibarko sektore enpresarialetan, baita lana bilatzeko prozesuan gaitasunak eta konpetentziak hobetzea ere.

Horiek horrela, aipatutako programan lan egingo da ondorengo gaikuntza arloetan: rol komertzialaren garapenean eta sustatzean, IKT erremintak kudeaketa komertzialean eta emakumeentzat coaching egitarauean. Programa aurrera eramateko, aldez aurretik, deskribatutako profila duten hamabost emakume aukeratuko dira eta proiektuan parte hartzeko gogoa edo nahia erakutsi dutenak.

Hamabost emakume horiek ‘Rol komertziala garatu eta sustatu’ fasearekin hasiko dute programa. Bertan, honako alderdi hauek landuko dituzte: kudeaketa komertziala, salmenta, komertzial plana, salmentaren erronka gaur egungo enpresan, gestore komertzialen konpetentziak, komunikazio trebetasunak eta negoziazio edo aurkezpen eraginkorrak.

Coaching fasean, berriz, taldekako coaching bat (gaitasun profesionalak, automarketina eta ekintza-gaitasunak) eta banakako beste bat egongo dira. Eta kudeaketa komertzialean IKT erremintak erabiltzeko fasean sare sozialetan formakuntza eta marketin digitala landuko dira.  Udal programa horren aurrekontua 17.917 eurokoa da.

‘Zure lanerako bideak’ programa Debabarreneko Lan Mahaiak antolatutako bileretan ateratako ondorioen bitartez sortutako proposamena da; eskualdeko udaletxeek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta eskualdeko enpresa traktoreen ordezkaritzek hartu dute parte. Kasu honetan, Eibarko Udalak beharra ikusi du, 2016ko udal aurrekontuak onartzeko, PSE-EE, Irabazi eta EAJ-PNVaren akordio baten bitartez, Enpresen Administrazioan eta Giza Zientzietan aldez aurreko formazioa duten emakumeen enplegagarritasuna hobetzeko programa espezifikoa garatzea.

Martxan ipini den programa horri dagokionez, eta Debabarreneko Lan Mahaiaren ondorioen ezarpenaren emaitza onak ikusita, eta Eibarko Udalaren ekimenez, foro horren bilera berri baten deialdia proposatu da.

Bilera abenduaren 19an, astelehena, izango da eta bertan bilduko dira Lan Mahaia osatzen duten hiru batzordeak: lehiakortasuna, enplegua eta azpiegiturak. Bilera berriaren helburua izango da “2016ko ekintzen egikaritze-gradua berrikustea, baita 2017. urterako lehentasunak identifikatzea ere”.