Eibarrek konexio mugikor azkarragoak eta estaldura hobea lortuko ditu 4G berriari esker

2016/04/21
Telefonia mugikorreko enpresak 4G zerbitzuak eskaintzen hasiko dira Eibarren 800 MHz-eko bandan. Teknologia berriari esker, herritarrek datu mugikorren abiadura handiko zerbitzuak izango dituzte, hobetu egingo da estaldura eraikinen barruan eta handitu egingo du hedadura geografikoa. Llega800 entitateak bermatuko du 4G zerbitzu honen bateragarritasuna TDTarekin 800 MHz-eko bandan.

Telefonia mugikorreko operadoreak —Telefónica, Vodafone eta Orange— 4G sarearen zerbitzuak eskaintzen hasi dira Eibarren, 800 MHz-eko bandan. Horri esker, herritarrek abiadura handiko konexio mugikorrak izango dituzte LTE (4G) teknologiarekin, estaldura hobea eraikinen barruan eta hedadura geografiko handiagoa. Teknologia berria Lurreko Telebista Digitalarekin (TDT) bateragarria izan dadin, operadoreek Llega800 jarri dute martxan. Llega88 arduratuko da telebistako seinalea jasotzean sor daitezkeen arazoak konpontzeaz.

4G berria Eibarrera iritsita, aurrera darrai ezartze prozesua. Prozesu hau estatu osoan ari da burutzen pitinka-pitinka: aurreko urteko uztailean hasi zen eta 2018ko martxoan bukatuko da. Data horretarako teknologia berria erabat hedatuta egotea aurreikusten da. Honako esteka honetan kontsulta daiteke zein herritan dauden dagoeneko ezarrita zerbitzu berri hauek: https://www.llega800.es/listado-de-municipios-activos/.

4G-ren hedadura irailaren 19ko 805/2014 Errege Dekretuan ezarritakoan kokatzen da. 2015eko apirilaren 1ean, 790 eta 862 MHz arteko frekuentziak liberatzeari ekin zitzaion (UHFko 61 kanaletik 69ra), ordurarte Lurreko Telebista Digitala hartzeko erabiltzen zirenak. Liberazio-prozesu hori Dividendo Digital izenarekin egin da ezagun. Behin hori eginda, frekuentzia horiek telefonia mugikorreko enpresei esleitu zitzaizkien 4Gko telefonia mugikorreko zerbitzuak eskaintzeko.

Estaldura handiagoa eta hobea

4G sarearen bitartez, zerbitzu eta aplikazio berritzaileei atea zabaltzeaz gain, hobekuntza nabarmenak eskaintzen dira datuak —argazkiak, musika edo definizio handiko ikus-entzunezko edukiak—deskargatzeko zein bidaltzeko abiaduran edo online aplikazioei —bideo jolasei, esaterako— etekina ateratzeko.

4G teknologiaren generazio berriak errazten du, halaber, enpresa arloan zein administrazio publikoetan zerbitzu berriak ematea, hala nola, gailu mugikorretan erabiltzeko eduki multimedia handiko enpresa-aplikazioak edo bideo-deiak.

Gainera, 800 MHz-eko bandako 4G teknologiak lortzen duen estaldura handiak zerbitzua hobetuko du eraikinen barruan, eta banda horri esker, zerbitzua geografikoki hedatu ahal izango da modu eraginkorrean.

Bateragarritasuna bermatzeko

Llega800 enpresa kudeatzailea arduratuko da bateragarritasuna bermatzeaz, 800 MHz-eko bandako 4G zerbitzuaren eta TDT zerbitzuaren artean.

Bateragarritasuna bermatzeko, Llega800 entitateak hainbat zerbitzu eskainiko dizkie doan herritarrei. Alde batetik, afektazio handiko guneetan bizi diren herritarrek jakinarazpen bat jasoko dute etxeetan, adierazteko une horretatik aurrera beren eraikineko antena dohainik egokitzeko eskatu ahal izango dutela, balizko arazoak saihesteko.

Bestetik, behin estazioak piztu ondoren, Llega800 arduratuko da arazoak dituzten erabiltzaileak atenditzeaz eta arazo horien konponketa kudeatzeaz, inolako kosturik gabe.

Zerbitzu horiek gestionatzeko dohaineko telefono zenbaki bat (900 833 999) eta web orri bat (www.llega800.es) jarri dira eskura.

etiketak: , , ,