Eibarrek hausnarketa prozesu bat ipini du abian negozio digital eredu berriak aurkitzeko hirian

2017/01/11
Hainbat agente ekonomiko, sozial eta formatibo eta erakunde traktoreetako eragile batzuk saiatuko dira Ipuruako merkatu plaza zaharrean etorkizunean sortu nahi den espazioan beren saltokiak kokatzeko ideiak identifikatzen.

Eibarko Udalak hainbat bilera egingo ditu hilabete honetan eragile ekonomiko eta sozialekin Eibarren negozio digital eredu berriak aurkitzera zuzenduta dagoen hausnarketa prozesu bat abian ipintzeko. Helburua da bertaratutakoek, Barrabes Next enpresa espezializatuak diseinatu eta koordinatzen dituen topaketa horien bidez, berrikuntza metodologiak praktikan ipini eta ikasi ahal izan ditzatela, Eibarren negozio digital eredu berri bat identifikatu eta diseinatzeko eta berrikuntzaren kultura sustatzeko ingurune digitaletan.

Proposamena 2016ko udal aurrekontuei PSE-EE eta EH Bildu Udal Taldeek egindako zuzenketa baten ondorio da. Bertan, Ipuruako merkatu plaza zaharraren tokiaren edukia definitzea adostu zuten, baita berrikuntzan oinarritutako jarduera ekonomikoetarako aukerak praktikan ipintzea ere, titulartasun munizipala duen eraikin horretan.

Aipatutako aukerak definitzeko, Alberto Albistegui zinegotzi sozialistak zuzentzen duen Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Udal sailak hiru bilera antolatu ditu.

Bilerak urtarrilaren 11n eta 26an eta otsailaren 7an egingo dira, 09:00etatik 13:00etara, Eibar Kirol Elkartearen bulegoetan. Hautaketa-prozesua egin eta gero, bileretan erakunde eta elkarte hauen ordezkariak izango dira: Eibarko Udala, Debegesa, Armeria Eskola, Eibar Kirol Elkartea, Biharrian, Eibar Merkataritza Gune Irekia, Aza eta Porrua, El Corte Inglés eta Urkotronik.

Aldez aurretik hautatutako lantaldearen lehen bileraren ostean, berrikuntza prozesuen bitartez eta hiru pertsonez osaturiko taldeetan lan eginez, lehen egitekoa erronkak identifikatu eta lehenestea izango da, potentzialen arabera.

Ondorengo lan-fasea ideien sortze eta lehenesteko saioa izango da eta, azkenik, aukeratutako bost ideien negozio eredu eta erabiltzaileen inguruan lan egingo da.

Prozesu guztia Barrabes Next enpresa taldearen kide den Ander Pomposok zuzendu eta koordinatuko du. Udalak prozesua garatzeko eskatu dio Barrabes Next enpresari. Enpresatik azaldu dutenez, Eibarren bultzatuko duten proposamenaren helburua honako hau da: herritar talde batekin eta erakunde traktoreekin lankidetzan aritzea eta laguntza ematea, negozio digital eredu berriei aurre egitea eta haiekin konektatzea ahalbidetuko duen eredu integral bat definitzeko eta abian jartzeko.