Eibarko Udalak, Lanbiderekin batera, bultzatu du langabezian dauden beste bost pertsona kontratatzea

2016/06/20
Hiru kontratu mugagabeak izan dira, eta gehienak industria arloko enpresei dagozkie. Abian da enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako aurtengo laguntzen deialdia.

Lanbidek eta Eibarko Udalak duten lankidetza-hitzarmenari esker, beste bost pertsona kontratatu dituzte azken laguntza-deialdiaren ondorioz; ekimen horren helburua da Eibarko enpresak indartzea eta Eibarko herritarrei lana aurkitzeko aukera gehiago eskaintzea. Azken deialdiaren emaitzek argi erakusten dute nolako konpromisoa duen Udalak langabezian dauden pertsonen aukerak hobetzeko neurriak hartzearekin.

Azken deialdian bost kontratazio sinatu dira: horietako hiru kontratu mugagabeak izan dira, urtarrilaren 1etik aurrera, eta beste biak behin-behinekoak izan dira. Deialdian ezarritako baldintzei jarraituz, kontratu horietako bat 55 urtetik gorako pertsona bati egin zaio, eta beste bat emakume bati. Kontratuetako hiru industria arloko enpresetan izan dira (tailerreko langilea eta peoi espezialista), bat merkataritza arloan, eta beste bat ostalaritzan.

Kontratazio horietan Udalak jarri du aurtengo maiatzaren 30a arteko soldaten eta Gizarte-Segurantzaren gastuen % 75, enpresako 6.000 euroraino. Kontratuetako hiru urtarrilaren 1ean sinatu ziren, eta beste bi, otsailaren bukaeran. Kontratazio berriak egiteko Udalak zuzendu zuen partida ezin izan guztiz kontsumitu, enpresek ez dutelako egin 55 urtetik gorako pertsonentzako kontratu gehiago.

Programaren helburuetako bat da kalitateko enplegu egonkorra sortzea, eta, ildo horretan, sinatu diren kontratuak lanaldi osokoak dira, eta sei hilabetekoak gutxienez. Diru-laguntzak emateko orduan, Udalak puntu gehiago ematen die industria arloko enpresei, 15 langile baino gutxiagokoei eta kontratu mugagabeak egiten dutenei. Horrela, batez ere enpresa txikiak lagundu nahi ditu, eta, horien artean, bereziki krisiaren ondorioak gehien sufritzen ari diren sektoreetakoak.

Lanbide eta Udalaren artean Eibarren egin den kontrataziorako diru-laguntzen planari esker, hamar pertsona kontratatu zituzten 2015ean, Eibarko bederatzi enpresetan.  Langile beharra zuten hainbat enpresak (txiki, ertain zein handiak) jaso zituzten 3.000 eta 9.000 euro bitarteko laguntzak, kontratazioak egiteko.

Abian da 2016rako deialdia

Beste alde batetik, abian da Lanbideren bidez enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako aurtengo laguntzen deialdia, ekainaren 16an argitaratu baitzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian; Eibarko Udalak berriro hartuko du parte deialdian. Programa horrekin, Eibarrek 84.455,59 euro izango ditu, gehi Debabarreneko eskualde planeko 356.012,93 euroetatik dagokion zatia.

Hiru proiektu-mota lagunduko dira diruz. 1. motakoa, “enplegua sustatzekoa” deritzona, Udalak edo erakunde autonomoek zuzenean egindako kontratazioei zuzendua da; kontratazioek 3 hilabeterakoak eta Lanbiden izena emana duten langabeentzakoak izan behar dute. Horietako % 30 gutxienez zuzendu behar zaizkie diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonei, eta gainerakoak edo 35 urtetik beherakoei, edo gutxienez 6 hilabetez enplegu-eskatzaile inskribatuta dauden 45 urtetik gorakoei, luzaroan langabezian dauden pertsonei, edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonei. Gainera, emakumeak izan behar dute kontratatutako % 40k gutxienez.

2. motakoa, “kontrataziorako laguntzak” deritzona, bertako enpresek langabeak kontratatzea erraztera zuzentzen da. Kontratuak lanaldi osokoak zein lanaldi partzialean izan daitezke; gutxienez hiru hilabeterakoak izan behar dute, eta enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute. Emakumeak izan behar dute kontratatutako % 40k gutxienez.

3. motakoak “enplegu-sorreran eragina duten tokiko garapenerako bestelako ekintzak” dira, eta horietarako Lanbidek 84.455,59 euro bereizi ditu Eibarren egiteko.

Diru-laguntzen zenbatekoari dagokionez, enplegua sustatzeko ekintzetan (1. motakoak), lan-kontratu bakoitzeko 12.500 euro emango dira gehienez; kontrataziorako laguntzetan, hiru hilabeteko lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko 3.000 euro emango dira gehienez, eta sei hilabeteko (edo gehiagoko) lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko 6.000 euro. Diru-laguntzaren zenbateko osoa ezin izango da soldata-gastuen% 75 baino gehiagokoa izan.

3. motako ekintzetan, diru-laguntzaren zenbatekoa izango da 1. motakoetarako aurreikusitakoa gehi % 10. Halaber, proiektuak egiteko eta aholkularitza pertsonaleko kostuak ordaintzeko aukera aztertu ahal izango da.

Proiektu-mota bakoitzerako adierazi diren zenbatekoak % 10 handituko dira kontratuak mugagabeak direnean; eta beste % 10 handituko dira emakumeak kontratatzen direnean emakumeak langileen % 50 baino gutxiago diren arloetan.