Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak 4000 euroko diru-laguntza emango die Karibeko eta Erdialdeko Amerikako herriei, bere elkartasuna adierazteko

2017/09/20

Zenbateko hori Bozeramaleen Batzordean adostu da, eta Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da urakanaren eta lurrikararen ondorio latzak arintzeko. Udalak aurten 5000 euro bidali ditu dagoeneko larrialdiko laguntzetan: Perura martxoan eta Sierra Leonara abuztuan.

Eibarko Udalak 4000 euro emango ditu Karibeko eta Erdialdeko Amerikako hainbat herrialdek bizi duten egoera arintzeko, Richter eskalan 8,2 graduko lurrikarak eta Irma urakanak eragin dituzten ondorioak direla-eta. Zenbateko hori Bozeramaleen Batzordean adostu da eta Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da.

Irma urakana, Atlantikoan erregistratutako handiena, izan zen lehena  hondamendia eragiten; joan den irailaren 6an, Barbuda eta San Martin irlak suntsitzen hasi zen; ondoren, Puerto Rico, Errepublika Dominikarra, Haiti, eta Kuba txikitu zituen, eta Florida estatuaren ekialdean ere kalteak eragin zituen. Leku horietan eragindako hondamena izugarria izan da: hiri asko urez gainezka, eta kalte materialak handiak. Argindarra, komunikazioak eta uraren hornidura moztuta daude urakanak jotako herrialde gehienetan. Zoritxarrez, berrogeita hamarretik gora hildako ere izan dira.

Eta urakanarekin batera, 8,2 graduko lurrikara batek dardarazi zuen Mexiko hegoaldea irailaren 7an, azken mendean, herrialde horretan erregistratutako magnitude handienekoa izanik. Lurrikararen ondoren ere, etengabeak izan dira errepikak. Ehundik gora pertsona hil eta kalte materialak kontaezinak izan dira.

Azken orduetan, hondamendi naturalak errepikatu egin dira María izeneko urakanarekin Atlantikoan eta 7,1 graduko beste lurrikararekin Mexikon. Dagoeneko, 250 hildako baino gehiago dira eta kalte material handiak daude.

Hainbat elkarte —besteak beste, Gurutze Gorria— laguntza eskatzen ari dira leku horietara elikagaiak eta higiene- eta garbiketa-produktuak eramateko; eta larrialdi-dei bat egin da lehen laguntza, laguntza psikosoziala, uraren tratamendua eta saneamendu-laguntzarako.

Eibarko Udalak urtero partida ekonomiko bat izaten du bere aurrekontuetan kasu hauetarako; izan ere, diru horrekin urtean zehar munduko edozein herritan sortzen diren unean uneko premiei aurre egin nahi die.

2015 eta 2016 urteetan, larrialdiko diru-laguntzak eman zitzaizkien Nepal, Sahara, Ekuador eta Haitiri, herrialde horietan hainbat hondamendi natural gertatu eta gero ondorioak arintzeko, eta baita Mediterraneoko migrazio-krisiari aurre egiteko ere. Aurten, martxoan, 2000 euroko partida bat bideratu zen Perura  herrialde horrek bizi izan zituen uholdeen ondoren; eta joan den abuztuan, Eibarko Udalak 3000 euroko diru-laguntza bat bidali zuen Sierra Leonara, uholdeengatik elkartasuna agertzeko.