Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak 240.000 euro inguru inbertituko ditu 2016ko Sanjuanetan

Eibarko Udalak 240.000 euro inguru inbertituko ditu 2016ko Sanjuanetan

Eibarko alkatea (ezkerrean), Miguel de los Toyos, eta Kultura eta Euskara zinegotzia (eskuman), Patxi Lejardi, prentsaurrekoan.

2016/06/07

Aurtengo jaietarako aurrekontua 50.000 euro inguru handitu da 2015 urtekoarekin alderatuta. Guztira, 103 jarduera programatu dira eta 40 elkarte inguruk parte hartuko dute antolaketa lanetan. Maldita Nerea eta Ken Zazpi taldeen kontzertuak izango dira popularrenak.

Tradizioa, ikuskizunak eta parte-hartzea dira 2016ko Sanjuanetako egitarauaren osagaiak. Guztira, aurten 103 jarduera antolatu dira: kultura-ekitaldiak, 14; ikastolen ikasturte amaierako 12 ekintza; kirol elkarteekin lotutako 13; kaleko jarduerak eta ikuskizunak, 15; musika-ekitaldiak, 20; tradizionalak, 9; suzko erroberak, 2; publiko guztiei zuzendutako 18.

Ekainaren 23an, 13:00etan, ohikoa denez, eibartarrek ongietorria egingo diete Lizarrako Dultzaineroei Estaziño kalean. Bertan, Eibarko udalkideez gain, herriko kuadrillak eta kolektibo edo taldeak izango dira. Aurten, talde eta pertsona hauek gonbidatu dira: Kalamua Judo Elkartea, Txirrindularien Elkartea eta Asier Serrano eibartar idazlea. Kalamua Judo Elkarteak -kirol horren erreferentea den Manu Agirrek zuzendua- albiste onak eman dizkigu azkenaldian, 18 urteko Nerea Muguruza txapelduna egiten ari den kanpainari esker. Bestalde, Eibarko Txirrindularien Elkarteak 90 urte bete ditu aurten eta, horrexegatik, urteetako lanari omenaldia egin nahi zaio. Asier Serranok, berriz, hainbat literatura-sari irabazi ditu, azkena, Xabier Lete III. poesia saria. Ekainaren 23an, 13:30ean, Udaletxetik pregoia eta jaiei hasiera emateko txupinazoa botako dute.

Lizarrako Dultzaineroei ongietorria emateaz gain, aurtengo egitarauaren ekimen nabarmen batzuk honako hauek dira: helduen eta umeen danborradak, ekainaren 23an eta 24an; Soka Dantza, hilaren 24an, 23:30ean, Kezka Dantza Taldea eta Usartza Txistulari Bandarekin, Untzagan; suzko erroberak, Europla (ekainaren 24an) eta Valecea (ekainaren 25ean) pirotekniekin.

Bestalde, aurtengo jaien beste indargune batzuk hauexek dira: Maldita Nerea -hilaren 18an, 23:00etan, Untzaga plazan- eta Ken Zazpi -ekainaren 25ean, 23:30ean, Untzagan- taldeen kontzertuak; dantzaldiak -horietako bat Lisker taldearekin-; kalejirak; kaleko antzerkia edota herriko elkarteek antolatutako ekimenak. Ekainaren 25ean, 11:30ean, San Juan XXIII. Marmitako lehiaketa izango da, Untzaga plazan.

Aipatutako ekimen guztiak antolatzeko aurtengo aurrekontua handitu behar izan du Udalak, iazko 190.000 euroetatik 240.000 euroetaraino,  hilaren 18an eta 25ean kontzertuak eskainiko dituzten taldeen mailarengatik, baita antzeztoki handiago bat prestatu behar delako ere.

Txosnen eta barraken kokapena

Aurtengo beste alderdi garrantzitsua da txosnen eta umeendako barraken lekualdatzea; Errebaleko aparkalekua itxi dela-eta, txosnak Txaltxa Zelain ipiniko dira, Untzagako dorrearen azpian, eta umeentzako bederatzi barraka Urkizun jarriko dituzte.

2016ko Sanjuanetako egitaraua kontsultatzeko SAKATU HEMEN.