Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko liburutegiak guztion eskura jarri du hizkuntzak ikasteko baliabideak jasotzen dituen Internet ataria

Eibarko liburutegiak guztion eskura jarri du hizkuntzak ikasteko baliabideak jasotzen dituen Internet ataria

Eibarko liburutegia.

2017/02/13

Hizkuntzen arabera dago antolatuta Interneteko ataria, eta honakoak topatuko ditu erabiltzaileak: hizkuntza ikasteko baliabideak, doako ikastaroak edo gaitasun jakin bat lantzeko materialak.

Bat egin du Juan San Martin liburutegiak Elegune proiektuarekin: gune horrek herritarren eskura jartzen ditu hizkuntzak ikasteko Interneten dauden baliabideak. URL baten bitartez, hainbat baliabiderako sarbidea ematen du Elegunek, hizkuntzen arabera antolatuta: euskara, frantsesa, gaztelania, ingelesa, alemana, katalana eta beste batzuk. Badu aparteko atal bat, non hiztegi eleaniztunak dituen.

Elegunea bi liburutegiren arteko proiektua da: Juan San Martin liburutegia eta HABE. Elegunera sartuta, hainbat hizkuntza ikasteko baliabideak topatuko ditu erabiltzaileak, hala nola, doako ikastaroak edo gaitasun jakin bat lantzeko materialak: mintzamena, entzumena, irakurmena.

Eibarko liburutegiak gogora ekarri nahi dizue gure liburutegian bertan ditugun baliabideez gain, badakigu Interneten gero eta bitarteko gehiago dagoela hizkuntzak ikasteko, eta uste dugu gure lana dela baliabideok antolatzea eta gure erabiltzaile eta herritar guztien eskura jartzea.

Juan San Martin liburutegiko arduradunen arabera, Elegunea sortzeak elkarlanerako aukera ekarri digu; izan ere, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen partaide izanik, bi liburutegien arteko elkarlanak zerbitzu hobea ekarriko die erabiltzaileei, zalantzarik gabe. Hemendik sartzen da Elegunera: http://www.netvibes.com/elegunea.

Elegunea ekimena Juan San Martin liburutegiak egindako beste jardun batzuen ildo beretik dator: etengabeko ikaskuntza bultzatzea. Helburu horrekin egindakoen artean, honako ekintzak nabarmendu daitezke: hizkuntzak ikasteko materiala duen interes-gune iraunkorra sustatzea, enplegua bilatzeko orientazio-ikastaroak eskaintzea edo etorkinek gure hizkuntza ofizialak ikasteko materialen gida sortzea.

Horrez gain, bestelakoak ere bultzatu ditu Eibarko liburutegiak: mintzapraktikarako lan-taldeak, enpleguari buruzko Interneteko baliabideak jasotzen dituen ataria, Autodidakta, baita etxerako lanekin laguntzeko euskarria ere.