Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bonuen kanpaina, herriko denda eta ostatuetan erosketak deskontuekin egiteko ekimenak arrakasta handia izan du

2016/04/12

Lau egun eta erdian Eibar Merkataritza Gune Irekiak bonu guztiak saldu ditu 40 euroren truke. Txartel horiekin, 50 euroko balioa duten erosketak egin ahal izango dira. Eibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak diruz-lagundutako kanpaina da.

Eibar Merkataritza Gune Irekiak abian jarritako kanpainak arrakasta handia lortu du aurten ere. Bonuak apirilaren 1ean jarri ziren salgai 40 euroren truke, eta bonu horiekin 50 euroko balioa duten erosketak egin ahal izango dira. Azken datuen arabera, aurreko ostegunean, apirilaren 7an, txartel guztiak saldu ziren.

Txartelek 50 euroko erosketak egiteko balioa dute, maiatzaren 7ra arte, EMGIk antolatu duen kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan. Guztira, 200 establezimenduk baino gehiagok parte hartzen dute kanpaina horretan. Establezimendu horietatik 150 inguru sektore eta arlo ezberdinetako denda eta zerbitzuak dira, eta beste 50 inguru ostalaritzako establezimenduak. Ekimenean parte hartzen duten denda eta taberna guztiek kanpainaren logotipoa izango duten bistan.

Bonu bakoitza bi dendatan edo establezimendutan egindako erosketetan zatikatu daiteke, bakoitzean gutxienez 25 euroko erosketa eginda. Hala, gastua erraztu nahi da, izan ere; ostalaritzan ohikoa da gastua 50 eurora ez iristea erosketa bakarrean.

Kanpainak eskaintzen dituen abantailez gozatzeko honako baldintza hau bete behar izan da: erosketa-txartelak Eibarren erroldatutako pertsonek erosi ahal izatea eta pertsona bakoitzak bono bakarra erostea. Kanpainak ez du aukerarik ematen erosketa-txartelarekin farmaziako produktuak erosteko baina bai parafarmaziako produktuak.

Era honetako ekimenen arrakasta ikusita, EMGIk bultzatutako kanpaina berriaren xedea Eibarko dendetan beren erosketak egiten dituzten eibartar bezeroei % 20ko deskontuak eskaintzea da. Modu horretan, merkataritza suspertu, bezeroak fidelizatu eta establezimendu zein erosleentzako mozkinak eta onurak lortu ahal izango dira. Eibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak diruz-lagundutako kanpaina da.