Antonio Cancelok, Eroskiren sortzaileak eta MCC Taldeko presidente ohiak, Gure Balioak Saria 2015 jasoko du

2015/11/10
Sariaren banaketa ekitaldia datorren azaroaren 12an egingo da Eibarko Coliseo Antzokian, 18:30ean hasita. Bertan, Garbiñe Biurrun epaileak hitzaldia eskainiko du balioen inguruan. Debegesa Garapen Agentziak antolatu du ekitaldia Eibarko Udalaren laguntzarekin. Ekitaldia herritar guztiei irekia izango da.

Antonio Cancelok, Eroskiren sortzaile eta Mondragon Taldeko presidente ohiak, ostegun honetan jasoko du Gure Balioak Saria Eibarko Coliseo Antzokian, 18:30ean hasiko den ekitaldian. Debegesa Garapen Agentziak antolatu du ekitaldia Eibarko Udalaren laguntzarekin.

Sari banaketa ekitaldian izango dira, besteak beste, Eibarko alkatea, Miguel de los Toyos; Debegesako zuzendaria, Juan Angel Balbas; Eroskiko Kontseilu Errektoreko presidentea, Leire Mugerza; eta sariduna bera, Antonio Cancelo.

Antonio Cancelok iaz errekonozimendu hauxe bera jaso zuen Sabin Osororen eskutik jasoko du saria, Juan Luis Baroja Collet Debabarreneko artistaren eskultura.

Sari banaketa ekitaldia herritar guztiei irekia egongo da. Garbiñe Biurrun epaileak emango dio hasiera ekitaldiari, balioen inguruko hitzaldi batekin, eta Eibarko Koro Gaztea abesbatzak girotuko du ekitaldia. Elena Martin zuzendariaren gidaritzapean, taldeak bi abesti eskainiko ditu, Mikel Laboaren “Txoria txori” eta “Proud Mary”.

Antonio Cancelo Gure Balioak Saria jasoko duen seigarren persona izango da 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sariak Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona aitortzea du helburu. Debabarreneko bereizgarri eta azpimarragarri diren balioak eta Gure Balioak egitasmoak sustatu nahi dituenak dira ekintzailetza, lankidetza, errespetua eta integritatea.

Epaimahaiak, enpresa, hezkuntza, kultura eta arlo sozialean diharduten Debabarrena eskualdeko 9 lagunek osatua, Canceloren “lan ibilbide zabal eta bikaina” nabarmendu du, “sustrai sakonak dituzten balioen erakusgarri, horien artean bere gaitasun ekintzailea, pertsonengan jarritako konfiantza eta gizarte solidario eta bidezko baten aldeko konpromisoa” nabarmenduz.

Epaimahaiak aintzat hartu du “Canceloren ekarpen baliotsua garapen ekonomiko eta sozialaren alde, enplegua sortuz eta ingurunearen hobekuntza eta guztien ongizatea bilatuz”.  Baina, batez ere, “beste enpresa eredu baten adierazgarri izan izana” aitortu dio epaimahaiak Cancelori, “mozkinak, merkatua, eraginkortasuna eta antolamendu egokia ez daudela lehian elkartasunarekin eta ardurak partekatzearekin, eta lankidetza, zintzotasuna, apaltasuna, esfortzua eta nekaezintasuna ez daudela lehian errentagarritasun ekonomikoarekin eta, batez ere, sozialarekin”. 

Epaimahaiak Canceloren lan ibilbide “sendoa eta koherentea” hartu du kontuan. 1969an, euskal enpresa handienetako baten sorreran parte hartu zuen, Eroski. Bertako zuzendari izan zen 1990. urtera arte. Urte berean, Eroski Taldeko presidente izendatu zuten. 1992an, Mondragon Taldeko Banaketa eta Elikadura Dibisioko presidenteorde izan zen eta 1995ean MCC Taldeko Kontseilu Orokorreko presidente izendatu zuten.

Antonio Cancelo (Puebla de Sanabria - Zamora, 1936)

Zamorako herri txiki batean jaioa, ATS ikasketak egin eta horretan jardun zuen lanean denbora batez. 60. hamarkadaren hasieran gurasoekin Eibarrera etorri zen eta kezka sozial, erlijioso eta kulturalak zituen gazte talde batekin egin zuen bat. Testuinguru honetan, helburu sozialak zituzten zenbait enpresa-ekimenetan interesa agertu eta, azkenean, kontsumo kooperatiba baten sorreran parte hartuko du, Juan XXIII izenarekin, eta bertako zuzendari izango da.  Kooperatiba hau 1969an sortuko den EROSKIren jatorrizko muinaren parte izango da.

Formazio egokirik gabe enpresa munduan zuzendaritza postuetan aritzeko, aldi berean ikasten eta lanean jardungo du. Eroskiren zuzendaritza hartuko du eta 25 urtez egongo da bertan. Denbora horretan estatuan inoiz egon den kooperatiba handiena bihurtuko da eta banaketaren sektorean aritzen diren hiru enpresa garrantzitsuenetako bat izango da.    

Bere lan ibilbideko azken urteetan, Mondragon Taldeko presidente izango da, 6 urtez, eta urte horietan asko handituko da. 28.000 lanpostu izatetik 60.000 izatera pasako da.

Egun, enpresen aholkularia da, hitzaldiak eskaintzen ditu eta hainbat argitalpenetan artikuluak idazten ditu.