Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Andretxeak emakumeentzat lau ikastaro berri eskainiko ditu datozen hilabeteetan

Andretxeak emakumeentzat lau ikastaro berri eskainiko ditu datozen hilabeteetan

Andretxea.

2016/09/22

Autodefentsa feminista, lana aurkitzeko trebetasunak edota aldaketak kudeatzen ikasteko alderdiak landuko dituzte ikastaroetan.

Andretxeak, Eibarko Emakumeen Etxeak, Jabetze Eskolaren bitartez, datozen hilabeteetarako hainbat ikastaro antolatu ditu: ‘Lana aurkitzeko edo lanez aldatzeko trebetasunak’, ‘Autodefentsa feminista’, ‘Emakume-gorputzean bizi izatea’ osasun-tailerra eta ‘Hobeto bizi izateko aldaketak kudeatzen ikastea’. Ikastaro guztiak urria, azaroa eta abendua bitartean eskainiko dira.

‘Lana aurkitzeko edo lanez aldatzeko trebetasunak’ tailerra euskaraz eta gazteleraz eskainiko da; gazteleraz, urriaren 20an eta 27an, azaroaren 3an, 10ean, 17an eta 24an eta abenduaren 1ean eta 5ean, 15:00etatik 17:00etara. Guztira, 16 ordu izango dira. Euskaraz, berriz, urriaren 19an eta 26an, azaroaren 2an, 9an, 1ean, 23an eta 30ean eta abenduaren 14an eskainiko da, 10:00etatik 12:00etara.

Ikastaroa Mertxe Arratibelek emango du Andretxeako lokaletan. Tailer horrek lanerako jabetzen gaituzten tresna eta abilezia pertsonal, emozional eta sozialak eskainiko ditu erronka ezberdinei aurre egiteko: lana aurkitu edo mantentzeko, daukagun lana hobetzeko, autonomo bezala eraikitzeko edo norbere enpresa bat eraikitzeko.

Urriaren 21ean eta 28an, azaroaren 4an, 11n eta 18an eta abenduaren 2an eta 16an ‘Emakume-gorputzean bizi izatea’ osasun-tailerra eskainiko da, gazteleraz, Portaleko ikastaro gelan; 17,5 orduko iraupena izango du eta 10:30etik 13:30era eskainiko da.

Tailer horretan, gure gizartean, emakume gorputzean bizi izateak zer esan nahi duen eta zer dakarren aztertuko da, osasun erreferenteak edukitzeko gure gorputzen neurrira. Patricia Verdesek eskainiko du tailerra.

‘Autodefentsa feminista’ ikastaroa Isa Bernalek eskainiko du, gazteleraz, azaroaren 5ean eta 6an (larunbata eta igandea); larunbatean 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era. Igandean, berriz, 10:00etatik 13:30era izango da. Ikastaroa Portalean eskainiko da (dantza gelan), 11 orduko iraupenarekin.

Ikastaro horren bidez erasoak identifikatu ahal izango dira, euren jatorria aztertu, eta bortizkeriaren garapena eta ondorioak ezagutu. Era errazean eta zailtasunik gabeko tekniken bidez irakatsiko zaie emakumeei eguneroko bizitzan pairatzen diren eraso sexistei aurre egiten.

Datozen hilabeteetarako Andretxeatik programatutako laugarren tailerra ‘Hobeto bizi izateko aldaketak kudeatzen ikastea’ du izenburu. Ana Baza formatzaileak zuzenduko du ikastaroa, gazteleraz, 8 orduko iraupenarekin eta Andretxean egingo da azaroaren 9an, 16an, 23an eta 30ean, 18:00etatik 20:00etara.

Tailer horretan emakumeek ikasiko dute beren bizitzetan gertatzen diren aldaketak era egoki eta onuragarrian kudeatzen. Helburua da, zirrarak eta pentsamendua landuz, aldaketak, krisiak eta dueluak era naturalean begiestea.

Patricia Arrizabalaga, Berdintasun zinegotziaren hitzetan, “aipatutako ikastaroek beren trebetasunak garatzen laguntzen diete emakumeei, formazioa eta esperientzia ematen diete, baita sareak sortzeko aukera eman ere. Udaletik lanean jarraituko dugu emakumeen jabetzerako beharrezkoak diren erremintak ezartzen: emakumeen identitate eta balioaren errefortzua, eskubideen ezagutza eta horiek nola lortu”.

Matrikulak eta epeak

Aipatutako ikastaro eta tailerretan parte hartzeko matrikulazioak Pegoran eta Andretxean egin daitezke (NANren fotokopia eraman behar da). Matrikulen epea ikastaro bakoitzaren arabera itxiko da. ‘Lana aurkitzeko edo lanez aldatzeko trebetasunak’ eta ‘Emakume-gorputzean bizi izatea’ ikastaroetan izena emateko epea urriaren 11n amaituko da. ‘Hobeto bizi izateko aldaketak kudeatzen ikastea’ eta ‘Autodefensa feminista’ ikastaroetan, berriz, urriaren 31an bukatuko da izena emateko epea.

Informazio gehiago nahi izanez gero interesatuek Andretxeara jo dezakete (Zezenbide kalea, 9), 943700828 telefono zenbakira deitu edota ‘andretxea@gmail.com’ posta elektronikora mezua bidali.  “Emakumeentzat topaketa gune, formazioa eta hausnarketa” izan nahi den toki horretan emakume guztiak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte Andretxeatik.