Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

59 gaztek jaso dituzte etxebizitzak errentan hartzeko udal diru-laguntzak

2017/03/30

Batez besteko, 142 € hileko ematen ditu Eibarko Udalak programa honetan sartuta dauden pisuak alokatzeko.

Duela 9 hilabete jarri ziren martxan gazteen emantzipazioa errazteko helburuarekin etxebizitzak alokatzeko udal diru-laguntzak, eta dagoeneko 18 eta 35 urte bitarteko 59 lagunek jaso dituzte.

Onartu diren eskaeretan, 452 euro hileko ordaintzen dituzte gazteek alokairuaren truke, eta Udalak 142 euroko laguntza ematen die; beraz, % 28ko laguntza jasotzen dute onuradunek. Kontuan hartu beharra dago diru-laguntzen zenbatekoa aldatu egiten dela gazteen diru-sarreren arabera: gutxien jota, alokairu osoaren % 10aren laguntza ematen die Udalak, eta gehien jota, % 50ekoa. Horrez gain, alokairua bakarka ere hartu dezaketen arren, zenbait kasutan hainbat gazteren artean hartu dute errentan pisu bera.

Hirigintzako zinegotzi Ana Telleríak du laguntza hauek bideratzeko ardura, eta haren hitzetan, pozik dago Udala diru-laguntza berrien martxarekin, bi helburu betetzen dituztela uste baitute: batetik, hutsik dauden etxebizitzak alokairu-merkatura ateratzen ari dira (EH Bildurekin adostutako helburua, haiekin batera onartu zen zuzenketa hau 2016ko aurrekontuetan), eta bestetik, gazteen emantzipazioa erraztea. Izan ere, etxebizitza duina eduki ahal izateak haien bizi-proiektuak garatzen laguntzen die; bizitzeko toki egoki bat eduki ahal izatea oinarrizko eskubidea, eta abiapuntu da oinarrizkoak ere badiren beste eskubide batzuez gozatu ahal izateko: enplegua edukitzea, zerbitzu eta prestazio publikoetarako sarbidea edukitzea, seme-alabak eskolara eramatea, kulturaz eta giro aproposaz gozatzea, lagunak eta senitartekoak etxera ekarri ahal izatea eta beste asko.

Baldintzak

Diru-laguntzak eskuratzeko baldintza batzuk beste behar dituzte onuradunek. Alokatutako etxebizitzan bizi diren elkarbizitza-unitateko kide guztiek 18 eta 35 urte bitartekoak izan behar dute, menpeko adingabeak izan ezik. Era berean, elkarbizitza-unitateko kide bakar batek ere ez du izan behar, ez bere jabetzako etxebizitzarik, ez azalera-eskubiderik, ezta gozamen-eskubiderik. Edonola ere, ondorengo pertsona hauek salbuetsita egongo dira baldintza horietatik: banatu edo dibortziatu diren bikotekideak, genero indarkeriaren biktimak, eta etxebizitzen jabe izan arren, jabetza soila dutenak, etxebizitzaren erabilera edo/eta gozamena beste bati dagokiolako.

Horrez gain, elkarbizitza-unitateko kide batek Eibarko udalerrian erroldatuta egon behar izan du etengabe, gutxienez, azken bi urteetan oso-osorik, deialdi hau argitaratu den unera arte. Gainera, elkarbizitza-unitatearen diru-sarrerak honako kopuruak baino txikiagoak izan behar dute: 25.000,00 euro gordin urteko (elkarbizitza-unitatea kide bakarrekoa bada). 39.000,00 euro gordin urteko (elkarbizitza-unitatea bi kide edo gehiagokoa bada). Banandutako edo dibortziatutako pertsonen kasuan, diru-sarreren guztirako zenbatekoa kalkulatzean kendu beharrekoak izango dira umeentzako mantendu-pentsioari eta hileroko hipoteka kuotei dagozkien zenbatekoa.

Badira beste baldintza batzuk ere: Elkarbizitza-unitateko inork ez du izan behar bigarren mailako odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko loturarik errentatzailearekin; elkarbizitza-unitateko kide guztiek izena emana izan behar dute, edo, izena emateko eskaera egina izan behar dute, Etxebide alokairua eskatzeko erregistro ofizialean; elkarbizitza-unitateko kideetako inork ez du jasoko etxebizitzarako diru-laguntza osagarria, ezta antzeko beste diru-laguntzarik; alokairu-kontratuak elkarbizitzako-unitateko kide guztien izenean egon behar du, haiek familia-unitatea osatzen ez badute.

Horrekin bat, ezin izango da diru-laguntza eman honako egoera hauetakoren bat gertatzen denean: alokairu-kontratua 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izatea; alokatutako etxebizitza sustapen publikoko babes ofizialekoa izatea, edo etxebizitza hutsak mobilizatzeko programaren (Bizigune), edo merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren (ASAP) menpe egotea; dagokion deialdian zehazten den kopurua baino handiagoa izatea alokairu-errentak; alokatze-kontratua urtebetetik beherakoa izatea edota diru-laguntza onartu aurreko azken 5 urteetan diru-laguntza hau jaso izana.

Diru-laguntzaren zenbatekoari dagokionez, tarte-sistema baten bidez ezartzen da, eskatzaileek justifikatzen dituzten urteko sarreren arabera eta tarte bakoitzari portzentaje bat esleituta: 0,00 € - 9.000,00 € gordin urteko, errentaren % 50; 9.001,00 € - 18.000,00 € gordin urteko, errentaren % 40; 18.001,00 € - .25000,00 € gordin urteko, errentaren % 30 eta 25.001,00 € - 39.000,00 € gordin urteko, errentaren % 20.