"Gobernua Zabalik: gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta datu irekiak" mikrosite berria udal-webgunean
Eibarko Udalak aurrerapauso berri bat eman du udal gardentasuna sustatzeko eta, horretarako, mikrosite edo webgune bat sortu du: “Gobernua Zabalik: gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta datu irekiak”. Web orri berriaren helbidea honako hau da: www.eibar.eus/eu/gobernua-zabalik (erderaz, www.eibar.eus/es/gobierno-abierto). Helburua orain arteko berdina da: udalaren jarduerari buruzko informazio guztia, egiazkoa eta erabilgarria eskaintzea. Hartara, herritarrek, erakundeari buruz, antolamenduaren aldetik, plangintzaren inguruan, ekonomiaz, aurrekontuez edo beste zerbaitxoz jakiteko nahi beste datu eskuratzeko aukera izango dute. Ana Telleria Ogasun zinegotzi eta Gobernua Zabalik Ordezkaritzaren arduradunak honako hau adierazi du: “gardentasunarekiko dugun konpromisoaren emaitza da mikrosite berria: 2015ean, lehen pauso garrantzitsua eman genuen Gipuzkoako Foru Aldundiari Gipuzkoa Irekia izeneko plataforman atxikitzeko eskaera egin genionean. Beste bitan ere, Gobernu Ona hobetzeko apostua egin genuen: 2015eko uztailean, Gardentasunerako atari propioaren sorrerarekin udal web orrian, eta 2017ko azaroan, udal aurrekontuak modu interaktiboan, ulergarrian eta gardenean ikusteko egindako webgunearekin”.
Gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta datu irekiak
Webgune berriak hiru atal biltzen ditu: gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta datu irekiak. Gardentasuna izeneko atalaren helburua da herritarrentzako informazio garrantzitsuena bertan jasotzea, eta modu iristerrazean eta zuzenean ematea, hala agintzen baitute bi lege hauek: 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa, eta 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa. Bi legeek ezartzen duten publizitate aktiboaren printzipioa beteko da horrela eta EUDELek, Euskadiko Udalen Elkartea, zehaztutako sailkapena jarraituko da. Gipuzkoa Irekia plataformako edukiak automatikoki argitaratuko dira gure gune espezializatuan.
Gainera, Informazio publikoa deritzon atalean azalduko dugu nola eska dezaketen informazioa eibartarrek Eibarko Udalean eta zer prozedura jarraitu behar duten. Horretarako, Informazio publikoa eskuratzea izeneko tramite elektronikoa sortu dugu, eta udal web-orrian egongo da kokatuta; bertan ematen da informazio publikoa eskuratzeko eskubideari, formari, tramitazio-epeei eta eskaerak bideratzen dituzten organo eskumendunei buruz.
Eibarko alkate Miguel de los Toyosek adierazi duenez, “politikaren eta Udalaren benetako helburua herritarrei zerbitzua ematea dela ziur gaude, kudeaketaren erdian egon behar baitute, eta, horregatik, herritarren parte-hartzearekiko apustua egin dugu; izan ere, politika publikoak hobetzen dira aurrenik eta eibartarren ongizatea eta garapena ondoren”. Gainera, Gobernua Zabalik kontzeptuaren parte direnez, horren mikrositearen barruan atal berezi bat sortu da, gure hiriko parte-hartze prozesuek bertan ere tokia izan dezaten. Horren bidez informazioa bilduko da hainbat gairen inguruan: orain arte egindako eta aurki egingo diren parte-hartze prozesuak, auzoetan egiten diren bilerak, baita abisuak, kexak eta iradokizunak ere, haientzako azpiatal berezi batean jasota.
Webgune berriaren beste atal garrantzitsuenetako bat Datu irekiak izenekoa da. Udalak kudeatzen dituen datuak herritarren eskura jarriko dira, eta haiek berrerabiltzeko baimena eman eta manipulatzeko errazak diren formatuak edukiko dituzte. Edonork aztertu, berrerabili eta zabal ditzake datuok, baita haiekin informazio-agiri berriak sortu ere eta gizartearentzako balio erantsia duten produktuak eta zerbitzuak sortu. Eibarko Udalak hainbat datu multzo edo dataset argitaratu ditu Gipuzkoa Irekia plataforman eta automatikoki argitaratuko dira horko edukiak gure web-orrian, baita gardentasunaren katalogokoak ere.
Mikrosite berrian atal bat sortu da gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta datu irekiak ardatz duten albisteekin. Horko albisteak udal web-orriko Albisteak atalean ere argitaratuko dira. Honen bidez, gardentasun-kontuetan egindakoari zabalkunde handiagoa emango zaio eta herritarrek errazago eskuratu ahal izango dituzte edukiak.