Eibartarrek apirilaren 23tik 30era bitartean aukeratuko dute Errebaleko erabilera anitzeko gunearen izena eta irudia

Eibartarrek apirilaren 23tik 30era bitartean aukeratuko dute Errebaleko erabilera anitzeko gunearen izena eta irudia

Eibarko ikastetxe ezberdinetako irakasle eta ikasleekin egindako bilera informatiboak.

2018/04/20

Aurrera eramango den prozesuan, Eibarko ikastetxeetako sei proposamenen artean aukeratu beharko da: proiektuak erakusgai jarriko dira eta gero herritarrek bozkatu egingo dute.

Oso aurreratuta dago Errebalen eraikiko den erabilera anitzeko gunearen izena eta irudia erabakitzeko Eibarko Udalak abian jarritako prozesu parte-hartzailea, eskolen arteko lehiaketa bidez eta herri-galdeketa ireki bidez egingo dena. Eibarko ikastetxeek egindako proposamenak lantzeko epea amaituta, azkenean sei izan dira aurkeztu direnak.

Proposamenak Udaletxeko patioan egongo dira ikusgai apirilaren 23tik 30era bitartean (biak barne). Egitasmo bakoitzak zenbaki bat izango du proposamenen anonimotasuna bermatzeko eta zer ikastetxerena den jakin barik aukeratu ahal izateko. Sei mahaietan egongo dira ikusgai egitasmoen dosierrak eta edukiak.

Egun horietan, herrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako eibartarrek sei zenbakietako bat aukeratu ahalko dute —proiektu bakoitzari dagozkionak— eta Pegoran egongo den hautestontzian sartu. Herritarren partaidetza sustatzeko, sariak zozketatuko dira botoa ematera gerturatzen diren pertsona guztien artean.

Lehiaketa Lehen Hezkuntzako (LH 5. eta 6.) hirugarren zikloko eta Batxilergo Artistikoko (Ignacio Zuloaga Institutua eta La Salle Azitain) ikasleei zuzendua egon da; haiek izan dira Errebaleko gunerako izen posibleak eta irudi korporatiborako diseinuaren ideiak eman dituztenak.

Lehiaketan parte hartzen duten Lehen Hezkuntzako sei ikastetxeetako bakoitzak izen bat aukeratu du Errebaleko erabilera anitzeko gunerako. Batxilergo Artistikoko ikasleak, bere aldetik, irudi korporatiboa egiteaz arduratu dira. Lehen Hezkuntzako sei ikastetxeetako bakoitzari Zuloaga Institutuko edo La Salleko Batxilergo Artistikoko lantalde bat egokitu zaio, harekin elkarlanean irudi korporatiboa proposatutako izenarekin ahalik eta ondoen bateratzea lantzeko.

Herri-galdeketa egin ondoren irabazten duen Lehen Hezkuntzako ikastetxeak gehienez ere 2.000 euroko saria jasoko du, eta Batxilergokoak 3.000koa gehienez ere. Eta gainera, parte hartu duen Lehen Hezkuntzako eskoletako bakoitzak 300 euroko saria jasoko du gehienez ere, ikastetxe irabazlea izan ezik. Sari guztiak ez dira izango eskudirutan, baizik eta ikastetxerako ekipamendurako hobekuntzetan.

“Gazteen belaunaldia kritikoa, parte-hartzailea, kolaboratzailea eta solidarioa izatea nahi dugu, eta erabat sinetsita gaude halako proiektuek lagundu egingo dutela era horretako jarrerak garatzen gure neska-mutilen eta gazteen artean, haiek dira-eta gure etorkizuna", adierazi du Ana Telleriak, Gobernu Zabalik arloko zinegotzi ordezkariak.

Horren harira, Telleriak zera adierazi du: “Lehiaketa honetan parte hartu dutenek herriarentzat estrategikoa den Errebaleko proiektua ondo ezagutu ez ezik, beren aztarna ere lagako dute bertan, eta ulertuko dute modu konprometitu batean inplikatu eta parte hartzen badute, beren inguruan eta udal erabakietan eragin dezaketela, eta beren helburuak bete ditzaketela”.   

Erlazionatutako elementuak