Eibartarrek 149 proposamen egin dituzte 2018ko aurrekontuaren 800.000 euro non inbertitu erabakitzeko

2018/07/20

“Aurrekontu parte-hartzaileen” prozesua aurten jarri da martxan lehenengoz, eta proposamenak egiteko epea uztailaren 13an amaitu zen. Hemendik aurrera, proposamen egokienak aukeratzeko bilerak egingo dira eta bozketaren bidez zeintzuk gauzatuko diren erabakiko da. Inbertituko den dirua modu ekitatiboan banatuko da zortzi herriguneetan.

Eibarko Udalak “aurrekontu parte-hartzailea” jarri du martxan 2018 urte honetako udal kontuetarako; lehen fasean herritarrek aukera izan dute beren proposamenak aurkezteko, ekainaren 11tik uztailaren 13ra bitartean, erabaki ahal izateko zer inbertsio egingo diren udalerriko herriguneetan, Udalak berak zehaztutako muga ekonomiko baten barruan.

“Talde Eragilea” izenekoa Bozeramaileen Batzarreko kideek –Alkatea eta Udal Talde politikoetako bozeramaileak– eta kide iraunkor gisa Ogasun zinegotzi andreak osatzen dute; talde hori gaur goizean elkartu da jasotako proposamenak zenbatu, prozesuaren bilakaera aztertu eta metodologiari dagozkion erabaki egokienak hartzeko. Guztira, 149 proposamen jaso dira: Amañan, 20; Urkin, 16; Legarren, 9; erdigunean, 14; erdigune-ekialdean, 6; ekialdean, 23; Ipuruan, 32; eta beste bi baserri-auzoetan. Bestalde, ez dira ontzat eman jaso diren 5 proposamen –proposamen orriarekin batera, NANa edota dokumentu baliokidea aurkeztu ez izanagatik– eta beste 23 aztertu behar dituzte eta biztanleen udal erroldan beharrezkoak diren egiaztapenak egin, proposamenak egin dituzten pertsonen NANean jasotako informazioa eta erroldatuta dauden auzoa bat ez datozelako.

Eibarrek 27.405 biztanle dauzka egun, eta prozesu horretan 23.353 pertsonek izan dute aukera parte hartzeko, biztanleriaren % 85a, alegia. Hortaz, parte-hartzea % 0,6koa izan da guztira. Prozesu horretan parte har zezaketen 2017ko azaroaren 1etik aurrera 16 urte beteta izan eta Eibarren erroldatuta zeudenek.

Prozesu honekin, eibartarrek erabakiko dute 2018ko udal aurrekontuetako 800.000 euro nola inbertitu. Kopuru hori biztanle-kopuruaren arabera banatu da herriaren zortzi populazio-guneen artean: ekialdea (119.571 €), erdigune-ekialdea (106.695 €), erdigunea (134.114 €), Legarre (76.071 €), Ipurua (102.055 €), Urki (103.461 €), Amaña (100.822 €) eta baserri-auzoak (55.524 €).

Aurrerantzean, proposamen guztiak banan-banan aztertuko dira xehetasunez, eta, jarraian, eibar.eus udal-webgunean emango dira ezagutzera, laburpen-taula batean. Hala, datu pertsonalen babesa bermatu nahi da eta herritarrei aukera eman parte-hartze prozesua jarraitzeko. Halaber, proposamen onenak aukeratzeko bilerak egingo dira auzo edo gune bakoitzean, eta, bertan, proposamena aurkeztu duen pertsonak jendaurrean defendatu beharko du. Azkenik, Pegoran, Herritarren zerbitzurako bulegoan, egingo den bozketaren bidez zein proposamen gauzatuko diren erabakiko da.

Prozesuaren lidergoa

“Talde Eragilea” izenekoaz gain, prozesuaren lidergoak beste bi zutabe izango ditu. Lehenik, lidergo politikoa, Alkatetzari eta Ogasun zinegotziari dagokiena. Bigarrenik, Balorazio Teknikoaren lantalde bat ere egongo da, herritarrek egindako proposamenak baloratzeko ardura izango duena, juridikoki, teknikoki eta ekonomikoki, haien bideragarritasuna zehazteko. Alkateak izango du lidergoa eta bertan egongo dira proposamenak gauzatzeko ardura duten sailetako ordezkariak, udal idazkariarekin eta kontu-hartzailearekin batera.