Eibarko Udalak irudi korporatibo berria atera eta udal webgunea modernizatu du
Eibarko Udalak marka instituzional berria aurkeztu du ofizialki. Marka Udalbatzak 2024ko uztailaren 29an egindako ohiko bilkuran onartu zen, eta PSE-EE (8), Eibarko EH Bildu (4) eta Elkarrekin Podemos (1) udal taldeen aldeko botoak jaso zituen; Eibarko EAJ-PNV (5) taldea abstenitu egin zen.
Irudi korporatibo berria eta bigarren mailako markak gaur goizean aurkeztu dituzte Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Gobernu Irekiaren zinegotzi ordezkariak. Aurkezpen ekitaldian egon dira baita ere AZK komunikazio eta publizitate agentziaren eta Codesyntax enpresaren arduradunak. AZK Identitate Bisual Korporatiboaren proiektu berria gauzatzeaz arduratu da eta Codesyntax Udalaren webgunea birdiseinatzeaz.
Aukeratu den proposamenak Eibarko armarri ofiziala hartzen du oinarri eta ardatz, eta armarriaren silueta erabiliz eta erdian San Andresen gurutzea jarriz, bi elementuen arteko uztarketa egiten da. Era berean, tipografia berriztu da (Nunito Sans Expanded, marka nagusian, eta Montserrat eta Arial bigarren mailakoetan), eta kolore korporatiboak eguneratu dira (urdina eta magenta). Logotipo berria “Eibar” markaren (Udala | Ayuntamiento barne) pean ageri da, eta eskuragarri dago bai formatu bertikalean bai horizontalean, hainbat formatu eta euskarritara egokitzeko.
Identitate Bisual Korporatiboaren proiektu berria —‘2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Planaren’ barruan txertatua eta Alkatetzaren 2021eko Ebazpenaren bidez onartua— uztailera arte indarrean egon den marka-irudia (2004. urtekoa) eguneratzeko helburuarekin egin da, hala, euskarri digital berrietara eta garai eta premia berrietara egokitu ahal izateko.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, "bai marka nagusiak bai udal sail eta zerbitzuetako gainerako logotipoak sakon berrikusi ondoren, egokitu eta moldatu egin dira erakundearen irudi bakar eta koherentea eskaintzeko. Gure ustez, egokitzapen horiek aukera emango dute Udalak marka gisa dituen komunikazio-aukerak indartzeko, bai eta markaren eta erakundearen arteko identifikazioa sendotzeko ere."
“Marka-irudi berri bat da, Udala identifikatzeko balio duena eta hainbat ezaugarri betetzen dituena, hala nola ezagutzeko modukoa izatea, argia, erraza, profesionala, garaiekin bat datorrena, dinamikoa, inpaktu bisualekoa, koherentea eta eraginkorra komunikazioan ", gaineratu du.
Marka instituzional berriaren sortze-prozesua
Arrasaten dagoen AZK komunikazio- eta publizitate-agentzia arduratu da Eibarko Udalaren Identitate Bisual Korporatiboaren Proiektu berria gauzatzeaz, Udalaren Komunikazio Zerbitzuarekin koordinatuta. Horretarako, bi ekintza nagusi egin dira: alde batetik, birdefinitu egin da marka-irudi berria eta udal-arlo, -zerbitzu eta -unitateetako gainerako bigarren mailako markak, eta, bestetik, identitate bisualari buruzko gida edo eskuliburu bat egin da, zeinean irudi korporatibo berria erabiltzeko eta aplikatzeko funtsezko alderdiak biltzen diren.
Marka berria birdefinitzeko, diagnostiko sakon bat egin zen eta baita lan-saio batzuk ere Eibarko Udalean (aurrez aurre eta online), focus group metodologian oinarrituta. Aldi berean, online-galdetegiak egin ziren udal-langileen, ordezkaritza duten alderdi politikoen eta herritarren elkarteen artean. Bai lan-saioetan, bai online-galdetegien bidez, hogeita hamar bat langile publikok eta herritar-elkartek parte hartu zuten (Eibarko Txirrindulari Kluba, Ekintzaileen Elkartea, Armeria Eskola Elkartea, Gipuzkoako Merkatarien Elkartea...). Aurreko logotipoari buruzko iritzia eman eta beren gogobetetze-maila adierazi zuten, bai eta irudi berrirako ideiak eman ere.
Behin testuingurua asimilatu eta Udalaren beharrak kontuan hartuta, hiru proposamen egin ziren: proposamen kontinuista bat, proposamen instituzional bat eta proposamen berritzaile bat. Haietako bakoitzean, bi bertsio sortu ziren: “Eibarko Udala” markan oinarritutakoak eta “Eibar” markan oinarrituak. Udal-langileek, baita udal-ordezkaritza duten talde politikoek eta sindikatuek ere, 3 logotipo bozkatzeko aukera izan zuten, online inprimaki bat betez. Inkestan, 3 puntu eman behar zitzaizkion proposamen gogokoenari, 2 puntu bigarren gustukoenari eta puntu bat hirugarren aukerari.
Barne bozketaren ondoren aukeratutako proposamen nagusiaz gain, bigarren mailako markak sortu dira, Udalaren arlo, zerbitzu eta unitateetara egokituak. Marka horiek guztiak Identitate Bisual Korporatiboaren Eskuliburuan daude azalduta. Liburuxka horretan, oinarrizko eta funtsezko alderdiak jasotzen dira elementu hauekin lotura dutenak: elementu korporatiboak (armarria, marka instituzionala, bigarren mailako markak...), offline ekosistemaren aplikazioak (papergintza korporatiboa, zigilua, banda korporatiboa, kolaborazioak eta babesleak, publizitate-euskarriak, seinaletika korporatiboa, ibilgailu ofizialak, lan-uniformeak, merchandisinga, argitalpenak, langileentzako diplomak...) eta online elementuak (web-orria, sare sozialak, app-ak, aurkezpen korporatiboak, posta elektronikoko sinadura, publizitate-euskarriak, ikus-entzunezkoak...).
Identitate Bisual Korporatiboaren Eskuliburu berria eskuragarri dago, halaber, AZK komunikazio eta publizitate agentziak diseinatutako landing page espezifiko batean (www.eibar.eus/identitatekorporatiboa), zeina, era berean, Udalaren www.eibar. eus web-orrian kontsulta daitekeen (zehazki, ‘Udala’ sekzioaren 'Identitate korporatiboa’ atalean).
Hala, Eibarko Udalaren Identitate Korporatiboaren Proiektu berria hurbilagotik ezagutu nahi duten pertsona eta enpresa guztiek PDF formatuan deskargatu ahal izango dute eskuliburua; formatu digitalean ere kontsultatu ahal izango da.
Udalaren webgunearen diseinu berria
Marka instituzional berria sortzearekin batera, azken hilabeteetan www.eibar.eus Udalaren web-orria birdiseinatu eta konfiguratzeko lanak ere egin dira, edukien irisgarritasuna eta argitasuna errazteko eta erabiltzailearen esperientzia hobetzeko.
Atari nagusian egin dira aldaketa gehienak, batez ere edukien egituraketari dagokionez. Goiko aldean, menu nagusiaz gain (‘Eibar’, ‘Udala’, ‘Tramiteak eta zerbitzuak’, ‘Albisteak’, ‘Agenda’ eta ‘Gobernua Zabalik’ atalen azpian), eduki garrantzitsuen karrusel berria egongo da. eta herritarren arretarako eta egoitza elektronikorako bi elementu.
Beste guztia horrela geldituko da: gaurkotasuneko bi bloke (‘Albisteak’ eta ‘Laburrak eta abisuak’, eta ‘Agenda’); hirugarren bloke nabarmendu bat, "Zure intereseko gaiak" izenpean, non herritarren eskura jartzen den erakundearen informazio garrantzitsuena (udal-zerbitzuak, izapideak, zergak, udal-eskolak, abisuak, kexak eta iradokizunak...); laugarren gune bat, erabiltzaileek gehien ikusi edo gehien kontsultatutako atalekin; bosgarren elementu bat, Udalaren gainerako webguneetarako sarbide zuzenarekin (Kultura, Euskara, Andretxea Berdintasun Zerbitzua, Ego Ibarra, Armagintzaren Museoa eta Kirolak); eta azken bloke bat, Eibarko Udalak eskaintzen dituen 3 bideoteka nagusiak kontsultatzeko (bideo berriak, Udalbatzetako bideoak eta osoko bilkuretako bideo-aktak).
“Udalaren web-orriaren diseinu eta berregituraketa berri honekin, erabilgarritasuna eta irisgarritasuna erraztez gain, bisualki erakargarriagoa den espazio bat sortu dugu, eta modu argiago, ordenatuago eta errazagoan eskaintzen ditugu herritarrek egunerokoan gehien eskatzen dituzten atalak", gaineratu du Ana Telleria Gobernu Irekiko zinegotzi ordezkariak.
Udalaren webgunea Identitate Bisual Korporatiboaren proiektu onartu berrian ezarritako jarraibideetara egokitu da, eta gaurtik aurrera erakutsiko du marka instituzional berria, kolore korporatibo berriak – magentan eta urdinean –, bai eta tipografia osagarri berria ere, Montserrat izenekoa. Lan horiek guztiak Eibarko Codesyntax SL enpresak egin ditu.