Martxoak 8: Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna, emakumeon eskubideen aldarrikapenerako eguna da, eta munduko emakume guztiei, euren eskubideak lortu eta defendatzeko borrokan ibili diren eta dabiltzan emakume guztiei omenaldia egiteko eguna ere.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren jatorria ez da egun zehatz eta isolatu batean kokatzen, hau da, testuinguru historiko eta ideologiko zabalago batean kokatu beharra dago. Data honen historia ulertzeko emakume langileek XIX eta XX mendeetan zituzten lan baldintzak hobetzeko hainbat borroka izan behar dira kontuan.

Honen harira, egun honen aurrekarietako bat da 1909ko otsailaren 28a, Ameriketako Estatu Batuetan Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu zenean. Bi urte beranduago 1911ko martxoaren 25ean, 146 pertsona baino gehiago (123 emakume eta 23 gizon) hil ziren New Yorkeko Triangle Shirtwaist lantegian izandako sute batean, fabrikaren arduradunek eraikina itxi zutenez ezin zirelako barnetik irten. Egun batzuk lehenago, Europako zenbat herrialdetan Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen hasi zen, emakumeentzako botoa, kargu publikoetara iristeko eskubidea, lanerako eskubidea edo hezkuntzan berdintasuna eskatuz.

1975ean Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen Nazioarteko Urtea” ospatu zuen eta bi urte beranduago Emakumeen Nazioarteko Eguna onartu zuen, helburua “emakumeen eskubideak eta nazioarteko bakea” zirelarik. 1911tik 1975a bitartean, martxoaren 8ko data egonkortzen joan zen eta Emakumeen Nazioarteko Eguna zabaltzen joan zen herrialde guztietan zehar. 1977an ospatu zen lehen aldiz Emakumearen Nazioarteko Eguna Euskal Herrian, Bilbon konkretuki. Eta hortik aurrera eguna ospatzen jarraitu da. Urtero kanpainak burutzen dira Martxoaren 8aren harira eta hauetan emakumeen eskubideen hainbat alderdi jorratzen dira: zaintzak, biolentzia eta presio estetikoa, heteropatriarkatua, lana… 

Gainera 2018an lehen aldiz Nazioarteko Greba Eguna egin zen eta mundu osoko emakumeek kaleak aldarrikapenez bete zituzten.

Eibarren, martxoaren 8ko egitaraua antolatzeaz, Eibarko Martxoak 8 lantaldea arduratzen da. Lantalde honen helburu nagusia da, egun horren bueltan, emakumeen aukera eta eskubide berdintasuna eta feminismoa aintzat hartzea eta aitortzea Eibarren, modu eta jarduera ezberdinen bidez, dagoen diskriminazio egoera eraldatzeko.

Urtero, lantaldeak gai bat adostu du egitarauaren ardatz bezala. Orain arte landutako gaiak hurrengoak izan dira: artea, industria, alternatiben sorkuntza, emakume nagusiak eta Gela Propioak eta Ahalduntzeko Espazioak.

Aurtengo gaia, ebaluazio-bileran erabakita, honako hau izatea proposatzen da: Zaintzak, denon bizitzak erdigunean.

Hau da Emakumearen Egunaren Kronologia (Iturria: NBE).

1909: AEBko Adlerdi Sozialistak egindako deklarazio bati jarraiki, Emakumearen Egun Nazionala ospatu zen otsailaren 28an estatu guztietan, eta hala jarraitu zuten eguten otsailaren azken igandeetan, 1013ra arte.

1910: Internazionalak, Kopenhagen bildatua zegoela, nazioartera eraman zuen Emakumearen Eguna, emakumearen eskubideen alde eta surfragio unibertsala lortzeko asmoz. Proposamena aho batez onartu zuten 17 herrialdetatik etorritako 100 emakumeek, horien artean, Finlandiako Parlamentuan ordezkaritza lortu zuten lehen hiru emakumeak ere bazeuden. Ez zuten data zehatza erabaki.

1911: Kopenhagen aurreko urtean hartutako erabakiaren ondorioz, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu zen lehen aldiz (martxoaren 19an), Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan; egindako mitinetan milioi bat pertsona baino gehiago izan ziren, emakumezkoak zein gizonezkoak. Bozkatzeko eta kargu publikoak izateko eskubideak ez ezik, lanerako, lan hezkuntzarako eta lanean diskriminazioa ez jasateko eskubideak ere eskatu zituzten.

1913-1914: Lehen Mundu Gerraren bezperan Bakearen aldeko mugimenduak eratu ziren garaian, Errusiako emakumeek Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat egin zuten lehen aldiz, 1913ko otsailean. Europan, emakumeek hitzaldiak egin zituzten hurrengo urteko martxoaren 8ko bueltan, gainerako emakumeei elkartasuna adierazteko.

1917: Gerran hildako bi milioi soldadu errusiarren ostean, Errusiako emakumeek otsailaren azken igandea aukeratu zuten greba egiteko, "bakea eta ogiaren" alde. Politikariek greba egitea kritikatu zuten, baina emakumeek egitea erabaki zuten, edonola ere. Gainerakoa historia da: handik lau egunera Zarrek uko egin zion erregetzari, halabeharrez, eta behin behineko gobernuak bozkatzeko eskubidea eman zien emakumeei. Egun historiko hori otsailaren 23a zen, Errusian orduan erabiltzen zuten juliotar egutegiaren arabera, edo martxoaren 8a, georgiar egutegiaren arabera.

1975: Emakumearen Nazioarteko Urtearekin batera, Nazio Batuen Erakundeak Emakumearen Nazioarteko Eguna osptau zuen aurrenekoz.

1995: Beijingeko Plataforma eta Adierazpena historikoa 189 gobernuk sinatu zuten orain 22 urte, eta emakumeen eskubideak gauzatzeko bide-orria ezarri zuen

2014: Emakumeen Egoera Soziala eta Juridikoaren Batzordeak egindako 58. edizioan (CSW58), genero berdintasunaren inguruko gaiak aztertzeko urteroko bileran, "Emakume eta neskentzako Milurteko Garapen Helburuen aplikazioan lortutakoak eta sortutako erronkak" izan zituzten hizpide. NBEko eta gobernuz kanpoko erakundeek Milurteko Garapen Helburuak gauzatzeko emandako aurrerapausoak eta egitekoak falta direnak aztertu zituzten.

2018: Lehen aldiz Nazioarteko Greba Eguna.