Eibarko Udala

2025eko martxoaren 8a: Bizitza duinak guztiontzat eta edonon

Martxoaren 8ko lantaldeak Bizitza duinak adostu du egitarauaren ardatz bezala.

Lantaldeak, urtero, gai bat adosten du egitarauaren ardatz bezala, eta, aurtengoa, Bizitza duinak izango da.

Gaur egun gure gizartean nagusi den bizi-ereduak, balioan jartzen ditu balore indibidualista, hiperazkarrak, kontsumista, atzerakoi eta zaurgarritasunaren kontrakoak, albo batera utziz heziketa edota irakaspen emozional, sexual eta bizitzarekiko jasangarriak direnak.

Bizi-baldintza duintzat jotzen dugunaren ekuazioan, uste dugu hainbat alderdi hartu behar ditugula kontuan, hala nola osasun integrala (baita osasun mentala ere), hezkuntza (publikoa eta kalitatezkoa), sexu- eta genero-aniztasunaren normalizazioa; enpleguaren baldintza justuak, zaintza-lanen eta pentsioen banaketa; indarkeria sexistarik gabeko bizitzak, pertsona guztientzako trantsizio ekosozial jasangarria, etab. 

Egingo diren jardueren bidez, bizitza duinak ahalbidetuko dituen sistema baten ideiarekin lotutako pentsamenduak, egoerak, emozio fisikoak elkarrekin partekatzera eta ikastera gonbidatzen zaituztegu.