2023ko martxoaren 8a: Gela propioak eta ahalduntze espazioak

Egitarauaren ardatza “Gela propioak eta ahalduntze espazioak” izan da.

Gela propioakAurtengo martxoaren 8ko egitaraua, Eibarko Martxoaren 8ko lantaldeak (Eta Kitto...! Euskara Elkartea, Arrate Kultur Elkartea, SD Eibar Fundazioa, Neledantza, Kaxa Mugimendu eta Sormen Gunea, Goi Argi, Pagatxa eta Berdintasun Zerbitzua-Andretxea) antolatu du.

Honek, urtero, gai bat adosten du egitarauaren ardatz bezala, eta aurtengoa, “Gela propioak eta ahalduntze espazioak” da. 

Emakume batek, eleberriak idatzi ahal izateko, dirua eta gela propioa izan behar ditu” zioen Woolf-ek XX. mendearen hasieran, independentzia ekonomikorako eta sozialerako dei eginez. Emakume eibartarrok harro esan dezakegu dei horri erantzuten aitzindariak izan garela; izan ere, 1951. urtean jada, eta 600 bazkiderekin, emakumeon elkarteen aitzindari izan den Goi Argi-ren ateak zabaldu baikenituen, emakumearen prestakuntza integrala lortzeko asmoz.

Hori erreferente izanik, eta gaur egun arte, Eibarko emakumeak gai izan gara sormen gune anitzetatik gure gela propioak eta ahalduntze espazioak topatzeko, horretarako hain ezinbestekoa izan zaigun, eta zaigun, Andretxea ahaztu gabe. 

Aurtengo Martxoaren 8ko egitarauan  emakume eibartarron askatasun intelektualerako, autonomia ekonomikorako, gure gaitasunen eta kontzientzia kritiko-feministaren garapenerako, elkartrukerako, zaintzarako eta adierazpenerako izan zaizkigun tranpolinak ikustarazi nahi izan ditugu.

Horregatik, Gela Propio eta Ahalduntze Espazio horietatik salto egitera gonbidatzen zaituztegu, gainontzeko espazioa guztietara bidea eginez.