Liburu eta disko azoka egingo da aurten ere, urriaren 20ra arte

Liburu eta disko azoka egingo da aurten ere, urriaren 20ra arte

Liburu eta diska azokaren aurkezpena.

2019/10/11

Urtero legez, helburua da irakurketa sustatzea herritarren artean. Hainbat salmenta-postu ipiniko dira, eta bertan azken argitalpenak eskainiko dituzte, euskaraz zein gazteleraz, baita aukerako liburuak ere. Liburu Azoka 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik lanegunetan eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era asteburuetan.

Liburu eta diska azokaren edizio berria hartuko du Untzaga plazak, gaurtik hasita eta datorren urriaren 20ra arte. Azoka 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik lanegunetan eta ordu erdi gehiago luzatuko dute asteburuetan, hau da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era. Salmenta-postu ugari ipini dituzte aurten eta azken argitalpenak eskainiko dira, euskaraz eta gazteleraz, baita aukerako liburuak ere. Helburua, beste behin, herritarren artean irakurketa sustatzea da. Gainera, "Euskal emakume poetak" izeneko erakusketa egongo da ikusgai nahi duenarentzat.

Ohikoa denez, % 10eko deskontuarekin eskuratu ahal izango dira liburuak. Euskal Autonomia Erkidegoan egindako liburuen produkzioa 3.500 ale ingurukoa izan da azken urtean (% 50 euskaraz) eta Estatu mailan, berriz, 80.000 ingurukoa. Antolatzaileen datu ofizialen arabera, liburuen % 95 paperean kontsumitzen dira eta gainerako % 5 formatu digitalean.

Elkar, Erein, Txalaparta, Eguzkilore eta Cosquillas (Huesca) dira, besteak beste, aurtengo azokan parte hartuko duten argitaletxeak. Horrez gain, liburu-denda bat eta udalaren stand-a egongo dira.

Bestalde, aurreko urteetan bezala, liburu sinaketak egongo dira hainbat idazlerekin, urriaren 19an, larunbata, 19:00ak inguruan. Aurten, Javier Sagastiberri, José Javier Abasolo eta Aritza Bergara idazleak egongo dira.

Aurtengo azokan ikusi eta erosi ahal izango ditugun liburu batzuk ondorengoak dira: "Fakirraren Ahotsa" (Harkaitz Cano), "Ahazten diren gauzak" (Aritz Gorrotxategi), "Rosa itzuli da" (Pako Aristi), "Ez erran deus" (Jon Arretxe), "Malkoak lur antzuan" (Toti Martínez de Lezea), "La cara norte del corazón" (Dolores Redondo), eta "Sidi" (Arturo Pérez Reverte), besteak beste.

Liburutegiko datuak

Bestalde, Juan San Martin Udal Liburutegitik adierazi dutenez, 2019 urte honetan gehien mailegatu diren euskarazko liburuak honako hauek dira: Fakirraren ahotsa (Harkaitz Cano); Film zaharren kluba (Alberto Ladrón Arana); Munduko tokirik ederrena (Iñigo Aranbarri); Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Iban Zaldua);  Titare bete zorion (Miren Agur Meabe). Erderaz, berriz, gehien mailegatu diren liburuak ondorengoak dira: "La muerte del comendador" (Haruki Murakami); "Patria" (Fernando Aramburu); "La retornada" (Donatella di Pietrantonio); "La maleta de Ana" (Celia Santos); eta "La agenda roja" (Sofia Lundberg).

Halaber, Udal Liburutegitik gogorarazi dutenez, hainbat irakurketa klub daude martxan aurten ere umeen eta helduen artean; helburua da irakurketa sustatzen jarraitzea. Helduen artean bi talde daude: Harixa emoten (irakurketa kluba euskaraz) eta irakurketa kluba gazteleraz. Umeek, berriz, honako talde hauetan parte hartzen dute: Azalerako ipuinak (bi talde), Liburuen poltsa (lau talde: bi, haur Hezkuntzako ikasleekin eta beste bi Lehen Hezkuntzako ikasleekin), Paperezko hegoak (bi talde: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleekin bata eta 5., eta 6. mailako eta DBH-ko 1.mailako ikasleekin bigarrena).