Eibarko Udala
Kultura eta feminismoa

Coliseoan “Señoras y Señoras” izeneko ikuskizun feminista egongo da urriaren 18an, moldeak urratu zituen belaunaldi bat omentzeko lana

2025/10/15
Kartela.

Ekitaldiak, Gipuzkoako Aldundiko Kultur sailak eta Kultur Factoryk bultzatua, umorea, hausnarketa eta ikus-entzunezkoa uztartzen ditu eta 60ko hamarkadako emakumeei omenaldia egiten die. Hitzordua datorren larunbatean (urriak 18) izango da, 19:00etatik 20:00etara .

Urriaren 18an, Coliseoa “Señoras y Señoras” ikuskizunaren eszenatokia izango da. Antzerki-proposamen freskoa eta aldarrikatzailea da, sortzaileen hitzetan show pop feminista eta umorezkoa.

Antzezlanak 60ko hamarkadan jaiotako emakumeetan jartzen du begirada. Belaunaldi hori aitzindaria izan zen, inposatutako mugen aurka egin eta gizarte arauak ausardiaz eta umorez eraldatu baitzituen. Mariola Cubells eta María Guerra kazetariek sortu, gidatu eta interpretatu dute lan hau, zeinak  Cubellsen “Mejor que nunca. Felices, imbatibles, pioneras” liburua duen oinarri. Bizipen pertsonalak, hausnarketak eta anekdotak konbinatzen ditu, ikus-entzunezkoen laguntzarekin eta publikoaren interakzio zuzenarekin.

Show honetan, protagonistek ironiaz eta konplizitatez heltzen diete hainbat gairi, hala nola amatasunari eta ez-amatasunari, aukeratutako bakardadeari, komunikabideen rolari, gizonezkoen munduarekiko begiradari edo adinaren eta askatasunaren kontzeptuen birdefinizioari.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak bultzatuta eta Kultur Factory agentziaren lankidetzarekin, ikuskizuna ikus-entzunezkoen kultura ikuspegi garaikide eta kritikotik eskaintzen duen Crossover programaren barruan kokatzen da.

Goizane Alvarez Aldundiko Kulturako diputatuak ikuskizunaren eta programa honen izaeraren arteko lotura nabarmendu du. “Crossover ikus-entzunezkoen eta telesailen kultura publikoari gerturatzeko asmoarekin jaio zen, begirada ireki, garaikide eta kritikotik.” “Señoras y Señoras” ikuskizunak ezin hobeto egiten du bat espiritu horrekin; izan ere, umorea, hausnarketa eta feminismoa uztartzeaz gain, arauak aldatu zituen emakume belaunaldi bat ordezkatzen du. Irunen, Zumarragan eta Eibarren egiten den espektakulu honekin jaialdi hau deszentralizatu eta beste leku batzuetara ere zabaldu nahi dugu”, adierazi du Alvarezek.  

Jon Iraola Eibarko alkateak esker ona eta poza adierazi du ikuskizuna Coliseoan izateagatik: “Harro egoteko modukoa da Eibar Gipuzkoako kultura-programazioan berriz ere  erreferente izatea, hain beharrezkoak diren honelako proposamen ausartekin.  ‘Señoras y Señoras’ lanak barre eragin, pentsarazi eta belaunaldi baten legatua baloratzera garamatza, erabakitasunez eta baikortasunez bidea ireki zuen belaunaldi batena.

Mariola Cubells kazetari eta idazleak hainbat hedabidetan egin du lan, hala nola Levante, Canal 9 edo TVEn.  Cadena Ser eta RNEko ohiko kolaboratzailea da, eta telebista-munduari buruzko liburuak idatzi ditu, besteak beste, “Mis padres no lo saben”, Marce Rodriguezekin batera.

Maria Guerra, kazetaria bera ere, Lo que yo te diga (1993-2006) telesaioan zine-erredaktorea izen zen, eta, era berean, espazio adierazgarriak gidatu ditu Cadena Serren, esaterako, Gran Vía edo Hoy por Hoy Madrid. Gaur egun Movistar Plusen La Script saioa aurkezten du, berak sortu eta zuzendu zuena 2011tik 2019ra bitartean. 2017an, Kataluniako Emakume Kazetarien Elkarteak  Komunikazio Ez-Sexistako Jardunbide Egokien Saria eman zion La Script saioari.