Itzio institutuak lehen aldiz hartuko du beldurrezko esperientzia bat, Gau Beltza dela-eta
Basque Horror kolektiboak Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatutako doako ekintza urriaren 31n izango da, 19:00etatik 00:00etara.
Eibar BHI Itzio Institutua beldurrezko esperientzia baten eszenatoki bihurtuko da datorren urriaren 31n, Gau Beltza dela-eta. Eibarren estreinakoz egingo da jarduera hau, Basque Horror-en eskutik eta Udaleko Kultura Sailaren laguntzarekin.
Parte-hartzaileek nerbioak proban jartzeko diseinatutako beldurrezko ibilbide batean murgiltzeko aukera izango dute. Ordutegia 19:00etatik 00:00etara izango da, eta ibilbide bakoitzak 10 minutu inguruko iraupena izango du. Sarrera doakoa izango da, eta iritsi ahala sartuko dira parte-hartzaileak, hiru eta bost pertsona arteko taldeetan.
Iluntasuna, eszena beldurgarriak, argi estroboskopikoak eta tentsio-uneak izango dira ibilbidea markatuko duten elementuetako batzuk. Jarduerak dituen ezaugarriak direla-eta, antolatzaileek gomendatzen dute parte-hartzaileak 14 urtetik gorako izatea. 12 eta 14 urte bitarteko gazteek heldu batekin joan beharko dute.
Jon Iraolak alkateak herriko kultur programazioan proposamen berriak sartzearen garrantzia nabarmendu du: «Eibarrek jarduera desberdinak eskaintzen jarraitzea nahi dugu, adin desberdinetako jendea erakartzeko eta gure espazioak bizirik mantentzeko gai izango direnak. Gau berezi batez gozatzeko aukera da Gau Beltza, sormena, parte-hartzea eta dibertsioa uztartzen dituen proposamen berritzaile bat».
Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak balioan jarri du Basque Horror bezalako ekimenekin elkarlanean aritzea, kultura-eskaintza zabaltze aldera: «Eibarren horrelako esperientzia bat martxan jartzen dugun lehen aldia da eta harrera ona izatea espero dugu. Formatu ezberdinak esploratzen jarraitu nahi dugu, eta kultura modu parte-hartzailean bizitzea ahalbidetuko duten proposamenak eskaini, bereziki Gau Beltza bezalako egun seinalatuetan».
Esperientziaz gozatzeko arauak
Jardueraren segurtasuna eta garapen egokia bermatzeko, parte-hartzaileek ibilbidean zehar antolatzaileen oharrak errespetatu beharko dituzte une oro. Besteak beste, honako arau hauek ezarri dituzte: inor eta ezer ez ukitzea, korrikarik ez egitea, ibilbidean atzera ez egitea eta telefono mugikorrik eta argirik ez erabiltzea.
Antolatzaileek ohartarazi dute arau horietakoren bat ez betetzeak talde osoa berehala kanporatzea ekarriko duela.
Lehen edizio honekin, Eibarrek ere bat egingo du Gau Beltzari lotutako aisialdi-proposamenekin, esperientzia desberdin bat eskainiz eta urriaren 31ko gaua misterioa eta beldurra gustuko dutenentzako hitzordu bihurtuz.