Eibarko Udala

Eibarko jaiak

Jaien artean, beste herri askotako San Juanak eta San Andresak ere jai handiak dira Eibarren. Baina beste hiru dira benetan kutunak gure herrian: San Blas eguna, Arrateko jaiak eta Gaztaiñerre.

San Blas egunean (otsailak 3), zuriz janzten da Eibar, opilen eta eurak estaltzen dituzten zapien kolore zuriz. Etxe guztietan egiten dira oraindik ere San Blasak, anisez egindako opilak, eta ondoren eleizara eramaten dira, bedeinkatu eta gaixotasunak uxa ditzan. Antzina Santa Ines ermitan bedeinkatzen ziren; egun, San Andres parrokian.

Arrate eguna (irailak 8) oraindik ere egun handiagoa da eibartarrondako. Herri guztia (eta baita inguruko herrietako jendea ere) batzen da Arrateko eliza inguruan (525 m) “gure zaindari onenaren” eguna ospatzera.

Azkenik, Domusantu osteko bigarren astelehenean, Gaztaiñerre eguna ospatzen dugu. Jatorriz hildakoen aldeko hondra-jana zena, gaur egun lagun taldeak elkartu eta betiko afaria egiteko egun aproposa: marraskiloak eta gaztaina erreak.

Urteko jai eta ohituren kronologia luzean, ondokoak ditugu aipagai:

  • Urtebarri: Urtearen hasierako egunean Urkora igotzeko ohitura sustraitua dago herrian.
  • San Blas eguna: otsailaren 3an. Opila egiteko ohiturak indar handia du oraindik.
  • Santa Ageda: Santa Agedaren irudia Aginagako San Roman ermittan dago. Otsailaren 4an, Eibarko koadrilak kalez-kale ibiltzen dira kantari.
  • Aratosteak: Eguen zuria edo umeak koko janzteko eguna da egunik arrakastatsuena. Martitzenean, helduen eguna izaten da.
  • San Juan: Ekainaren 24an. Eibarko jaietan San Juan sua eta suzko erroberak dira jaiaren muina. Lizarrako dultzaineroei herriak ematen dien ongi etorria da jai horien gauzarik hunkigarriena.
  • Arrateko jaiak: Irailaren 8an, eibartar guztiak joaten dira Arratera. Ohiturak dioenez, eibartarrok ez gatoz Paristik, Arrateko elizan eskegitako itas-untzi txikietatik
  • baizik.
  • San Migel: Irailaren 29an, Aginagako San Migel jaiak izaten dira, denboraren joanak indarrik kendu ez dion jaia.
  • San Andres eguna: Arazoaren 30ean. Azken urteotan, urteroko azokari esker, demaseko indarra hartu du jai egun horrek.
  • Gaztainerre: Arima egunetik aurrera, bigarren astelehena da gaztainerre eguna. Barraskiloak eta gaztaina erreak jateko ohiturak bizirik dirau.