Eibarko Udala
Kultura

"Gazako fenixa", desagertutako bizitza baten artxibo bihurtu den dokumentala, urriaren 15ean eta 16an Coliseoan

2025/10/14
Jon Iraola, Eibarko alkatea, Yousef Alhelou dokumentalaren zuzendaria, eta Andobi Zabala Kultura zinegotzia.
Jon Iraola, Eibarko alkatea, Yousef Alhelou dokumentalaren zuzendaria, eta Andobi Zabala Kultura zinegotzia.

2023ko urriko ofentsibaren aurretik Yousef Alhelou kazetariak filmatutako pelikulak Gazaren edertasuna eta erresilientzia erakusten ditu, bertako ondarearen eta gizartearen lekukotza gisa. Sarrerak 5 euro balio du, eta bildutako diruarekin zinemagileari laguntza emango zaio dokumentalak egiten jarrai dezan.

Urriaren 15ean eta 16an, The Phoenix of Gaza (Gazako fenixa) dokumentala ikusi ahal izango da. Filma 2023ko Israelgo ofentsibaren aurretik filmatu zen, eta Gazako Zerrendaren edertasuna eta eguneroko bizitza islatzen ditu. Udalak egindako ekitaldi batean, Jon Iraola alkateak eta Andoni Zabala Kultura zinegotziak babesa erakutsi diote bertan izan den Yousef Alhelou zuzendariari. Proiekzioak errealitate ikusezin bat gerturatu nahi dio publikoari.

“Funtsezkoa da Eibartik leihoak irekitzea errealitate urrun eta konplexu bezain humanoei”, adierazi du Jon Iraola alkateak.  “Dokumental hau artxibo historiko baliotsua izateaz gain, enpatiarako tresna bat da. Aukera ematen digu Gazako errealitate osoa ezagutzeko, Israelgo Estatuaren eskutik jasaten duen genozidiotik haratago: bertako kultura, ondarea eta jendearen erresilientzia. Memoria-ariketa bat da eta baita giza eskubideak azpimarratzeko ekintza bat ere”, gehitu du.

Andoni Zabala Kulturako zinegotziak memoria gordetzeko zinemak duen boterea nabarmendu du. "Kultura Arloan, beste errealitate batzuk ezagutzeko eta kontzientziatzeko jarduerak programatu behar ditugu. ‘Gazako fenixa' Ikus-entzutezko dokumentuak balio kalkulaezina du, herri baten esentzia eta haren ondarea atzematen dituelako, suntsitua izan aurretik. Ez da artxibo soil bat; erresistentzia kulturaleko ekintza bat da eta bizitzaren defentsa gerraren aurrean”, adierazi du Zabalak. “Lan hau Eibarrera ekartzea apustu bat da giza eskubideekin eta bakearekin konprometitutako kultura baten alde”.

Yousef Alhelou kazetari palestinarraren filmak 2023ko udan bere jaioterrira egindako bidaia pertsonal bat erregistratzen du.

Gaza haren azken testigantza bisuala izango zela jakin gabe, Alhelouk hondartzak, olibondoak, museoak, azokak eta bizitza soziala grabatu zituen, lurraldea "Ekialde Erdiko Kostalde" gisa erakutsiz. Dokumentala memoriaren artxibo bihurtu da, gizarteak eta ondareak izugarrizko suntsiketa jasan baitute.

Bi aukera egongo dira Coliseo antzokian dokumentala ikusteko. Lehen emanaldia urriaren 15ean izango da, euskarazko azpitituluekin; eta bigarrena urriaren 16an, erderazko azpitituluekin. Asteazkeneko emanaldia 18:00etan hasiko da eta ostegunekoa 19:00etan.

Proiektuaren garrantzia are eta sakonagoa da sortzailearen beraren tragedia pertsonalagatik.  Yousef Alhelouk arreba galdu zuen eta baita bere zazpi ilobak ere, 2023ko abenduan izandako bonbardaketa baten ondorioz. Bere senide eta lankide kazetari asko genozidioaren biktima izan dira.

“The Phoenis of Gaza”, beraz, dokumental bat baino gehiago da.  Erresistentzia kulturaleko ekintza bat da, eta izenburuan adierazten denez, hauxe aldarrikatzen du: “Gazako herria ez da desagertuko, baizik eta bere errautsetatik berpiztuko da”. Filmaren emanaldiak —Eibarko erakundeen babesarekin— toki horren edertasuna egilearen begien bidez ikusteko aukera ematen du.

Bi saioetarako sarrerek 5 euroko prezioa izango dute; nolanahi ere, jendeak diru gehiago ordaindu nahi badu, onartu egingo da. Bildutako dirua zinemagilearen lan dokumentala laguntzeko izango da.