Larunbatean hasiko da Debabarreneko Eskola Antzerki Erakusketaren 36. edizioa Eibarren

Debabarreneko Eskola Antzerki Erakusketaren 36. edizioaren kartela.

Debabarreneko Eskola Antzerki Erakusketaren 36. edizioaren kartela.

2021/04/28

Gaur prentsaurrekoan aurkeztu dira Coliseo antzokian maiatzaren 18ra arte konpainia ezagunen eskutik ikusi ahalko diren emankizunak. Iaz pandemiaren eraginez bertan behera geratu ziren jardunaldiak.

Aurten, beste behin, Debabarreneko Eskola-Antzerki Erakusketa egingo da maiatzaren 1etik 18ra arte. Egitarauan 5 emanaldi antolatu dira, eta 31 pertsonak parte hartuko dute guztira aktore, egile, zuzendari eta teknikarien artean. Aurten 36. edizioa izango da, iaz Covid-19aren pandemiagatik ezin izan baitzen egin.

Aurtengo programa eta ezaugarriak aurkezteko prentsaurreko bat eman dute gaur Jon Iraola alkateak eta Asier López de Viñaspre Gazteria saileko teknikariak.

Guztira bost antzezlan programatu dira, eta 31 pertsonak parte hartu dute (12 emakume: egile bat, hiru zuzendari, bost aktore eta hiru teknikari) eta 19 gizon (lau egile, bi zuzendari, hamar aktore eta hiru teknikari).  Gainera, hamaika enpresak parte hartu dute (bost antzerki-konpainia, bi banatzaile, inprenta bat, bi aldizkari espezializatu eta Coliseoko enpresa teknikoa).

Jardunaldiak larunbatean, maiatzak 1, hasiko dira, ‘Lur' Ikuskizunarekin, Xake Produkzioak konpainiaren eskutik, zeinean Nerea Gorriti aktore eibartarrak parte hartuko duen. Asteartean, maiatzak 4, 15:00etan, Julio Verneren nobelan oinarritutako ‘20.000 legoa itsaspeko zaborrean’ ikuskizuna eskainiko da, Txalo Konpainiaren eskutik. Hirugarren antzezlana ostegunean izango da, maiatzak 6, 15:00etan, Salamankako Spasmo konpainiarekin, zeinak ‘Giza gorputzaren erdigunera bidaia’ taularatuko duen.  Konpainia horrek euskaraz prestatu ditu haur eta gazteei zuzendutako bere lanen parte handi bat.

Maiatzaren 12an, berreskuratu egingo da Eibarko Antzerki Jardunaldietako arrakasta handienetako bat, ‘Ameriketako bidaiak’, Nerea Mazo eta Miren Arrieta aktore gazteek  antzeztutakoa, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean. Patxo Telleriaren lanaren edukia, zuzendari-lan bikaina, interpreteen lotsagabekeriak, horrek guztiak bihurtu du aurten ekoiztu den ikuskizunik biribilenetako bat, kritikak islatzen duen bezala. Bi saio izango dira, goizeko ordutegian, eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta.

Erakusketa maiatzaren 18an amaituko Anartz Zuazuak zuzendutako Borobil konpainiarekin, zeinak ‘Hansel eta Gretel’ lana antzeztuko duen.

Eskola Antzerki Jardunaldien 36. edizio honen aurrekontua ia 22.000 eurokoa da, eta kartela Marrazki Eskolako irakaslea den Iratxe Unanue artista eibartarrak diseinatu du.

Adierazi dutenez, 36. edizioan, Erakusketaren helburua da eskualdeko ikasleek beren derrigorrezko eskola-aldian zehar hainbat antzezlan ikusi ahal izatea testuinguru desberdin batean, aurreko urteekin alderatuz.

Halaber, asmoa da jarduera honen bidez euskal antzerki-konpainiek beren ikuskizunak eskoletako ikasleei erakutsi ahal izatea. Emanaldian Coliseo Antzokian izango dira, ordutegi desberdinetan.  Pandemiatik eratorritako osasun-neurriak hartuko dira, besteak beste edukierak murriztea.

Erakusketaren aurkezpenean, Jon Iraola alkatea pozik agertu da iaz bertan behera geratu ondoren berriz ere jarduera hau berreskuratzeaz, eta goratu egin du Erakusketaren 36 urte hauetan Chema Cornagok eta Juan Ortegak egindako lana, esfortzu hari esker “Eibarko eszenatokietatik ehunka antzerki-konpainia pasatu eta milaka neska-mutikok lehen aldiz ikus baitute antzezlan bat”.

Iraolak gogorarazi du, duela urte batzuk Udalak “bi pertsona horien eta Narruzko Zezen eta Uni Kultur Elkartearen lekukoa hartu zuela, eta xede berarekin jarraitzen duela, alegia, kultura neska eta mutil guztiengan iristea erraztea". Alkateak, halaber, azpimarratu du Erakusketaren edizio honen antolaketak ez diola kulturari bakarrik eragiten, “baizik eta baita pandemiak gehien zigortu duen sektoreetako bati ere”.