Martin Lopez de Isasi (1525-1597) eibartarra XVI. mendeko merkatari garrantzitsua izan zen

Aurten, Isasiren jaiotzaren 5. mendeurrena ospatzen da
500 urte betetzen dira Martin Lopez de Isasi (1525-1597) eibartarra jaio zela. XVI. mendeko merkatari ospetsua izan zen, Felipe II.aren gorteko kidea izatera iritsi zen, eta bere negozioak Sevillara hedatu zituen.
Merkatari eibartarra XVI. mendeko bigarren erdiko gizartearen eta ekonomiaren adibide garbia da. Gipuzkoako familia ospetsu bateko semea zen, eta horrek lidergo ekonomiko zein soziala izateko bidea ireki zion, beste hainbat merkatariri bezala. Orokorrean, merkatari euskaldunek ospe ona zuten garaiko noblezian, eta eibartarra horietako bat izan zen. Ikerlari askok pertsona ausarta eta nekaezina zela adierazten dute, Isasiren izena garaiko negozio gehienetan topatu baitute. Bere ekarpena ez zen merkataritzara soilik mugatu, udal-politikan zeresan handia izan zuela argi dago-eta, Errenazimentuko euskal gizonaren eredu garbia izanik.
1593. urte inguruan Martin Lopez de Isasi eta Domenja Orbea izan ziren Eibarren hain ezaguna den Markeskua Jauregia eraiki zutenak eta han bizitzen lehenak. Antzinako dorretxe eta jauntxoen etxeen eredua da.
Urteurrena ospatzeko, bi hitzaldia antolatu dira Markeskua jauregian bertan. Lehenengoa Gotzon Garmendiak emango du. Garmendiak 2019an Martin Lopez de Isasiren inguruko doktore-tesia aurkeztu zuen Las Palmas de Gran Canariako Unibertsitatean. Finantza-ekonomiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Isasiren merkatari figura landuko du. Bigarren hitzaldia Javier Elorza eta Jose Antonio Azpiazu historialariek emango dute, eta Isasiren garaiko gizartea eta ondarea jorratuko dute. Bi historialariak oso ezagunak dira Eibarren, eta Ego Ibarra batzordearekin elkarlanean jardun dute askotan.
Hona hemen egitaraua:
- Urriak 9 (19:00) - Martin Lopez de Isasi: empresario moderno vasco
Gotzon Garmendia EHUko Finantza-Ekonomiako irakaslea
- Urriak 16 (19:00) – Martin Lopez de Isasi: jatorria, ibilbidea eta ondarea Eibarko eremuan
Javier Elorza eta Jose Antonio Azpiazu historialariak