Eibarko Udala
kultura

Armagintzaren Museoak Eduardo Schilling-ek egindako eskopeta historiko bat jaso du dohaintzan bere bildumarako

2026/11/12
Schilling modeloko Royal eskopeta.
Schilling modeloko Royal eskopeta.

Museoko teknikariak joan dira pieza jasotzera: dohaintzan eman duten mende bat baino gehiago duen Schilling Modelo Royal eskopeta.

Eibarko Armagintzaren Museoak bere funtsak handitu ditu Schilling modeloko Royal eskopeta bat eskuratuta. Interes handiko pieza historikoa da, bere fabrikazio kalitateagatik eta Eibarko armagintzaren tradizioarekin duen loturagatik. Museoko teknikariak joan dira partikular batena den pieza hori jasotzera; dohaintzan eman du, gorde eta udal-bildumaren parte izan dadin.

71E Royal Quality modeloko eskopeta bat da, 27.344 serie-zenbakikoa eta 16 kalibrekoa. Kontserbazio-egoera ezin hobean dago, eta ehun urte baino gehiago ditu. Bere material eta akaberen kalitateagatik nabarmentzen da, baita bere garaiko beste armetan ohikoak ez ziren grabatu eta ezaugarri teknikoengatik ere.

Interes berezikoa da bai duen historiagatik bai Eibarrekin duen  harreman zuzenagatik. Eskopeta Eduardo Schilling Monfortek egin zuen. Jatorri alemaniarreko arma-fabrikatzaile hau 1870ean iritsi zen Eibarrera, bertako armagintzaren tradizioa bertatik bertara ezagutu eta sektorean trebatzeko. 1893an bere fabrika propioa sortu zuen hirian, eta, gerora, Jabalí marka erregistratu zuen, eta hala, garaiko fabrikatzaile nabarmenetako bat bilakatu zen.

Schilling 27 langile izatera iritsi zen Eibarko bere fabrikan. Hala ere, 1896an Bartzelonara eraman zuen bere jarduera, hainbat langilek lagunduta. Horien artean zeuden Miguel Aguirre eta Nicolás Aranzabal, urte batzuk geroago, 1915ean, Eibarren AYA (Aguirre eta Aranzabal) enpresa ospetsua sortu zutenak.

Schillingen ibilbidea, beraz, Eibarko armagintzak izan zuen proiekzioaren eta gure mugetatik haratago izan zuen eraginaren adibide bat da. Dohaintzan jasotako piezari esker, garai hartako testigantza materiala eta sektorearen garapenean lagundu zuten fabrikatzaileen arteko harremanei buruzkoa gorde daiteke.

Jon Iraola Eibarko alkateak dohaintza egin duenaren eskuzabaltasuna eskertu du, eta hiriko ondare historikoa aberasten jarraitzearen garrantzia nabarmendu: «Eibarrek historia industrial aparta du, eta gure ardura da historia hori gordetzea eta hurrengo belaunaldiei helaraztea. Museora ekartzen dugun pieza bakoitzak nor garen eta nondik gatozen hobeto kontatzen laguntzen digu eta, era berean, ikusarazten digu gure industriak duen ospea lortzea posible egin zuten hainbeste pertsonaren ahalegina».

Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak dohaintzan eskuratutako piezaren balio historiko eta dokumentala azpimarratu du: «Ez gara ari kalitate handiko eskopeta bati buruz bakarrik. Pieza honi esker, gure historia industrialaren garai jakin batera hurbildu gaitezke, eta Eduardo Schilling bezalako figurak hobeto ezagutu, haren ibilbideak lotura estua izan baitzuen Eibarrekin. Pieza honek  Museoaren funtsak aberastuko ditu, eta gure armaginen ondarea zabaltzen lagunduko du».

Armagintzaren Museoak mila arma inguru ditu gaur egun, baita Eibarko enpresek egindako ehunka objektu ere. Funtsak aberastuz joan dira urteetan zehar, erosketa eta dohaintza partikular berriei esker.