Irakurketa Kluba, Udal Liburutegiaren irakurketa ekitaldi eskatuenetakoa

Irakurketa Kluba, Udal Liburutegiaren irakurketa ekitaldi eskatuenetakoa

Irakurketa Klubeko helduen talde bat.

2019/06/17

Udal Liburutegiak aurtengo ikasturtean 10 irakurketa-talde antolatu eta kudeatu ditu; haietan 200 lagun baino gehiagok parte hartu dute eta egindako saioetan 30 liburu baino gehiago irakurri dira.

Irakurtzea plazerra da”. Hori egiaztatu dute ikasturtean zehar Juan San Martin Liburutegian egin diren 10 irakurketa-taldeetan parte hartu duten 208 pertsonek. Pertsona horiek ikusi dute plazerrez irakur daitekeela eta irakurketaz gozatu, eta ez duela zertan aisialdian bete beharreko obligazio bat izan. Jarduera hori, gainera, parteka daiteke, antzeko kultur kezkak dituzten pertsonekiko elkarrizketa partekatzeko.

Liburutegiak lortu nahi dituen helburuak jarduera hau antolatzean hauxek dira: literaturan interesa duten pertsonen arteko harremanak sustatzea; aukeratutako liburuen gaineko komentario-trukea bultzatzea; irakurleei beren lan pertsonala aberasteko aukera ematea, saio bakoitzean egiten diren iruzkin eta balorazioekin, izan norberarenak, izan dinamizatzailearenak, liburu-egilerarenak edo beste klubeko kideanak; klubeko kideekin eta dinamizatzailearekin obra baten irakurketan sakontzea, sarri irakurtzeko orduan ihes egiten digun hori bilatuz; eta antzeko zaletasunak dituzten pertsonekin liburutegia ezagutaraztea topo egiteko gune bezala. Hitz batez, literatura baloratzen ikastea eta, parte hartzaile txikienekin egindako taldeen kasuan, kalitatezko haur-literatura ezagutzen hastea eta ipuinak modu ezberdinean kontatzen ikastea.

Saioen dinamika

Helduen saioen dinamika hauxe da:

  • Sarrera bat egiten da eta liburuaren testuingurua aurkezten da (egilea, garaia, egoera...)
  • Ondoren, liburuaren azterketa objektibo bat egiten da. Alegia, pertsonaiak, espazioa, denbora… aztertzen dira. Hori guztia oso modu intuitibo eta arinean. Helburua da liburua hobeto ezagutzea, ez azterketa akademiko bat egitea.
  • Gero, bloke subjektiboa lantzen da. Parte hartzaile bakoitzaren sentsazioak, haien iritzia pertsonaiez, liburuaz, autoreaz, erabili diren teknikez.. Klubeko kideen iritziak trukatzen dira. Laburbilduz, nahi dena da parte hartzea eta eztabaida lortzea.
  • Saioan liburuaren egilea dagoenean aberastu egiten da  eta haren ahoz entzuten da zein izan den prozesu sortzailea liburua idaztean.

1 eta 6 urte bitarteko umeak dituzten 6 familia-taldeen dinamikari dagokionez, helburua da literaturara gerturatzea entzumen, ukimen, ikusmen, usaimen eta dastamenaren bidez

Ipuin laburrak, poemak, hitz-jolasak… berreskuratzen dira eta liburuek eskain diezaguketen guztia aurkitzeko erabiltzen dira. Gainera, ahalegintzen gara irakurtzeko zaletasuna sustatzen eta, batez ere, familiei erakusten une dibertigarri eta aberasgarri bat izan daitekeela tarte bat izatea ipuinak irakurtzeko.

Talde horiek dinamizatzen dituen pertsona  Saroa Bikandi da.

Liburuen irakurketa

Guztira, 32 liburu irakurri dira eta ipuin pila bat kontatu, 1 eta 6 urteko umeak dituzten familia-taldeetan. 

Gu orduko haiek” (Garazi Arrula), “Ekaitza urrun” (Joanes Urkixo), “Oso” (Marian Engel), “Riomundo” (Jon Maia), batzuk aipatzearren, izan dira euskarazko eta gaztelaniazko helduen taldeetan irakurri diren liburuak; taldeen dinamizatzaileak Antxon Narbaiza eta Peru Magdalena izan dira, hurrenez hurren.

8 eta 12 urte bitarteko umeek parte hartu duten bi taldeetan, 16 liburu irakurri dituzte eta liburu bat osatu dute ikasturtean landutako guztiarekin. “Mux munstroa” (Peio Añorga), “Frida” (Jonah Winter), “Pikondoaren balada” (Leire Bilbao) eta “Kulerozahar” (Xabier Mendiguren”) dira aurtengo saioetan landu dituzten liburuetako batzuk. Txomin Magdalena izan da gazte horien irakurketak —datorren urtean ere jarraitzea eskatu dutenak— gidatu dituena.

Egutegia urritik maiatzera bitartekoa izaten da, hilean ordubeteko saioetan.

Ikasturte amaieran jaso ditugun jarduera-balorazioei dagokienez, helduen kasuan, esperientzia oso aberasgarria eta positiboa izan da, eta oporren ondoren jarraitzeko gogoa adierazi dute.

Gazteen taldeek ere positibotzat jo dute esperientzia eta interesa azaldu dute hurrengo ikasturteetan jarraitzeko.

Familien taldeei balorazioei dagokienez, esan duten, komunikazio-gaitasuna lantzean, arlo horretan hobekuntza bat somatu dutela, eta baita beren seme-alabek gehiago baloratzen dituztela liburuak eta irakurketa-tarteak familian liburuez gozateko. Euskara indartzeko ere baliagarria izan da, jarduera euskaraz baita. 

Irakurketa talde gehiago 

Udal Liburutegiak, aipatutako irakurketa-talde hauek antolatzeaz eta kudeatzeaz gain, herriko beste 6 irakurketa-talderi eskaintzen dizkie liburu-sortak: Pagatxa, Biztu, Litertxoko, Residencia San Andres Egoitza, Egogain Zentro Gerontologikoa (URTMS) eta AGIFES. Haietatik,  hiru irakurketa errazeko taldeak dira, alegia, irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta dauden taldeak.