Eibarko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu II. Errepublikaren Aldarrikapenaren 90. urteurrena dela-eta

Eibarko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu II. Errepublikaren Aldarrikapenaren 90. urteurrena dela-eta

II. Errepublikaren Aldarrikapenaren irudia. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa.

2021/04/07

2001etik 5 urtean behin egin ohi duenez, Udalak efemeride hori gogoratu nahi du hitzaldiak, bisitak, erakusketak eta antzerki- eta musika-emanaldiak antolatuz Kultura sailaren eta Ego-Ibarra batzordearen bitartez. Jarduerak Eibar hiriaren 675. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldiekin batera egingo dira.

Eibarko Udalak gaur goizean aurkeztu ditu prentsaurrekoan II. Errepublikaren Aldarrikapenaren 90. urteurrena oroitzeko antolatutako jarduerak. Ekitaldi horiek gure herriaren hiri-gutunaren 675. urteurrenaren egitarauarekin batera egingo dira.

Ospakizun honetarako, bi hitzaldi antolatu dira Ego Ibarra batzordetik, zortzi bisita gidatu, maketa-erakusketa bat II. Errepublikako abioiena eta ibilgailuena, bi antzerki-emanaldi eta musika-kontzertu bat. Horien guztien bidez, Udalak erakutsi nahi du zer gertatu zen gure herrian II. Errepublikan, eta baita zer aurrerapen ekarri zuen hark hainbat alderdi sozial, politiko eta kulturaletan.

Lehen hitzaldia, Berdintasun sailarekin elkarlanean antolatu dena, apirilaren 14an izango da Coliseon, 19:00etan. Hizlaria María José Vila Rodriguez EHU-UPV-ko ikerlaria izango da, eta II. Errepublikaren garaian berdintasunaren eta emakumearen arloan gertatu ziren aurrerapenei buruz jardungo du. Hitzaldia gaztelaniaz izango da, honako izenburuarekin: “La II República y la mujer: política, legislación y educación”.

Bigarren hitzaldia EHU-UPVko irakasle Unai Belaustegi Bedialaunetak emango du apirilaren 21ean, 19:00etan, honako izenburupean: “Errepublikanismoa Gipuzkoan: Eibarko Paktu Federaletik (1869) Errepublikaren aldarrikapenera (1931)”.

Bestalde, antolatu diren zortzi bisita gidatuak Eibarko historialari Jesús Gutiérrezek egingo ditu. Lau euskaraz izango dira (apirilaren 17an eta maiatzaren 1ean) eta 4 gaztelaniaz (apirilaren 10ean eta 24an). Bisitak Untzaga plazan eta udaletxean zentratuko dira, eta goiz eta arratsaldez izango dira. Parte hartu nahi duenak aurretik eman beharko du izena, 943.70.84.35 telefonora dei eginda, edo email bat bidalita kultura@eibar.eus helbide elektronikora.

Gainera, bi antzerki-emanaldi eta musika-kontzertu bat antolatu dira. Lehenengo obra, “Los hermanos Machado” El Temple konpainiarena, apirilaren 17an izango da Coliseon, 19:00etan.  Bigarrena, “Kasilda, bukatzen ez den sua” Goitibera taldearena, apirilaren 23an, 19:00etan, Coliseo antzokian.

Bestalde, Bernardo García Huidobro maisuak gitarra-kontzertu bat emango du apirilaren 16an, 19:00etan. Kontzertuaren izenburua “La generación del 27 o de la República Española” (27ko edo Espainiako Errepublikako belaunaldia) da, eta, bertan, kalitate handiko konpositoreen piezak interpretatuko dira, konpositore batzuk zeintzuen eboluzioa gerra zibilak eten zuen dramatikoki.

Azkenik, Armagintzako Museoak Güenaga anaien maketa-bilduma erakutsiko du apirilaren 8tik 25era. Eibarko bi maketa-egile hauek, beste behin, Udalaren kultur jardueretan parte hartuko dute; oraingoan, II. Errepublikako ibilgailu eta abioien bilduma bat prestatu dute.  

Halaber, gogorarazi behar da, Akondiako lubakiaren eta metrailadore-habiaren maketa bat ikus daitekeela Eibarko Gerra Zibileko Eibarko Fronteari buruzko Interpretazio Zentroan.

Eibarko Udalak hainbat ekimen burutzen ditu herriaren memoria historikoa ezagutzera emateko. Haietako bakoitzak, bere esparruan, ikerketa-, zaharberritze-, eta zabalkunde-lanak egiten ditu, herriaren ondare historikoa zaindu eta babesteko.

Adibide horietako batzuk dira, besteak beste, Ego Ibarra Batzordeak bultzatutako ikerketa eta argitalpenak, Museoak gure industria-ondarea zaindu eta babestea, Liburutegiak Eibarrekin lotutako argitalpen guztiak eskuratzea eta zabaltzea, Udal Artxiboak agiriak katalogatzeko eta haien zabalkundea egiteko jarduerak, edo Eibarko Gerra Zibileko Eibarko Fronteari buruzko Interpretazio Zentroa.

Oroimenezko jarduerak 2001. urtetik

Duela zenbait urte hasi zen Eibarko Udala II. Errepublikaren aldarrikapena oroitzeko ekitaldiak  antolatzen.  2001. urtean, lehen aldiz antolatu ziren hainbat hitzaldi eta  “Esnatu! Republikia etorri da-ta!” erakusketa egin zen, Portalean. Urte hartan, Bozeramaileen Batzordean akordio bat hartu zen Udalak aldarrikapena oroitzeko ekitaldiak  5 urtean behin antola zitzan.  

Harrezkero, 2006, 2011 eta 2016an, Udalak hainbat ekimen antolatu ditu aldarrikapenaren inguruan.

Hala, urte horietan zehar Historia, Kultura edo Epailetza arloetako izen entzutetsu askok parte hartu dute ekitaldiotan, hala nola Juan Pablo Fusi, Paul Preston, Rosa Regas, José Luis de la Granja, Josu Chueca, Jesús Gutiérrez, Kirmen Uribe, Joseba Tapia, José Antonio Fraguas- Forges- edo Garbiñe Biurrunek.

Halaber, hainbat ekimen antolatu dira urte hauetan guztietan; aipagarri dira, esaterako, mail art erakusketa “Errepublikaren koloreak” izenburupean egin zena, eta jarduera batzuk, Euskadiko Estatutuaren Plebiszitua zela-eta 1933ko azaroaren 5ean Indalecio Ojangurenek sufragio unibertsalari buruz Eibarren ateratako argazki ikonikoaren ingurukoak.