7.000 pertsona inguru izan dira Eibarko Antzerki Jardunaldien 46. edizioan

 Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziak Eibarko Antzerki Jardunaldien 46. edizioaren balantzearen berri emateko egindako prentsaurrekoaren irudia.

Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziak Eibarko Antzerki Jardunaldien 46. edizioaren balantzearen berri emateko egindako prentsaurrekoaren irudia.

2023/04/04

Edizio honetan, antolatzaileak ezarritako helburua bete da: edukiera osoa eta Hezkuntza Esparruko emanaldiak berreskuratzea. Jon Iraola alkateak esan du finkatu egin dela pandemia aurreko ikusle-kopurua eta datu horrek ondo asko erakusten duela kultura-hitzordu honek Eibarrentzat duen garrantzia.

Eibarko Antzerki Jardunaldien XLVI. edizioak oso balantze positiboa izan du: 7.000 ikusle inguru izan dira otsailaren 14tik martxoaren 31ra (azken egun horretan amaitu ziren Jardunaldiak) eskaini diren 24 antzerki-emanaldietan.

Eibarko antzerki-jaialdiaren aurtengo balantzea gaur plazaratu dute Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kulturako zinegotziak emandako prentsaurrekoan.

Guztira, 6.900 pertsona joan dira Eibarko Udalak antolatutako 24 antzerki-emanaldietara eta Antzerki Jardunaldien hasierako hitzaldira, eta, batez beste, 276 ikusle izan dira emanaldi bakoitzeko. Alde horretatik, esan behar da asistentziarik handiena Coliseo Antzokiak izan duela, 6.000 pertsona hartu baititu; gainerakoak Hezkuntza Esparruan, non lau emanaldi egin diren.

Halaber, bete dira helburuak: edukiera erabat berreskuratzea eta Hezkuntza Esparruaren antzezlekua erabiltzea emanaldi batzuk eskaintzeko. 2021. eta 2022. urteetan, osasun-krisia zela eta, hainbat neurri murriztaile hartu behar izan ziren edukieraren aldetik, baina aurten normaltasun osoa berreskuratu da eta Hezkuntza Esparrua erabili ahal izan da.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “pandemia hasi zenetik, eta hark ekarri zituen ondorio guztiekin, hauxe izan da normaltasun osoz egin ahal izan ditugun Jardunaldien lehen edizioa, eta egiaztatu da berreskuratu egin ditugula ikusle-kopuruak; beraz, beste behin ere frogatuta geratu da kultura-hitzordu honek Eibarrentzat duen garrantzia.

Iraolaren arabera, “aurten ere merezi izan du Udalak egindako ahalegin ekonomikoa eta antolakuntzakoa, Eibarko herritarrek egungo antzerki-emanaldirik onenak ikus ditzaten egindako ahalegina.”

Patxi Lejardi zinegotziak adierazi duenez, Jardunaldien XLVI. edizioak antzerki-estilo guztiak biltzen dituen karteldegia izan du, eta “Euskadin eta Estatuan ekoitzi diren ikuskizun onenen laburpen leial bilakatu dira gure Jardunaldiak. Hala, tragediak, komediak, fartsak, keinu-antzerkiak, zirkoak, haur-antzerkiak, absurdoaren antzerkiak eta dramaturgia berriek beren lekua izan dute Eibarko agertokietan.”

Bost emanaldi euskaraz izan dira eta emanaldiok 1.347 ikusle izan dituzte; beraz, batez beste 269 pertsona ikuskizun bakoitzeko. Horrez gain aipatu behar da Lucas Escobedo zirku-konpainia valentziarrak lau hizkuntza erabiltzen dituen bere ikuskizunetako bat egokitu egin zuela, hizkuntza horietako bat Eibarren euskaraz izan zedin.

Aurtengo edizioan 22 antzerki-konpainiek hartu dute parte, eta 121 pertsona aritu dira lanean. Horietatik 38 emakume eta 33 gizon izan dira antzezlari; 50 pertsona egon dira eszenografia-, argiztapen- eta soinu-muntaien kargu. Coliseoan lanean ari diren 14 pertsonak ahazteke.

Besteak beste, Itziar Ituño, María Adánez eta Ane Pikaza aktore ezagunak egon dira Eibarren, bai eta Nerea Gorriti eta Irene Hernando eibartarrak ere.  Bob Pop, Luis Piedrahita, Ramón Agirre, Mikel Laskurain, Asier Hormaza eta Xabier Larrea markinarra ere bertan izan dira. Goraka doazen aktoreak ere hemen izan ditugu, hala nola Pabellón 6 Gaztea konpainiako kideak eta Valentzia, Galizia eta Andaluziatik etorritako konpainietakoak. Nabarmentzekoa da ere La Red Teatro Eibarko antzerki-taldearen emanaldia.

Testuen egiletzari dagokienez, zazpi testu emakumeek idatzitakoak izan dira,  eta horietan ‘Cigarreras’ lana da azpimarragarri. Taula gainean antzeztu diren beste testu batzuk Garbi Losadak, María Goiricelayak, Salomé Lelouch frantsesak eta Leire Bilbaok idatzi dituzte; Bob Popek eta Luis Piedrahitak, berriz, aretoa bete zuten beren  bakarrizketekin.

Azpimarratu behar da, halaber, jardunaldi hauek zabaltzeko garrantzitsua izan dela euskaltegien, HHI ikastetxearen eta herriko ikastetxeen arteko lankidetza. Eta Eibarko Udalak eskerrak eman nahi dizkie Eibarko ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduei, aurtengo Jardunaldien iragarki-kartela beren ateetan eta erakusleihoetan jartzeagatik.

Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kulturako zinegotziak jakinarazi dute Udala prestatzen ari dela hurrengo hilabeteetako antzerki-programazioa. Besteak beste, apirilaren 29an izango den Dantzaren Nazioarteko Egunean, non herriko talde guztiek hartuko duten parte; Debabarreneko Eskola Antzerkiaren 38. Erakustaldia ere ate-joka ari da; kale-antzerkiko programa eta Errebal Plazan eta Untzaga plazan izango diren zirko-ikuskizun batzuk ere ontzen ari dira.