“Mendizaletasuna eta natura” da Juan San Martin XVI. Bekaren ikerketa-esparrua 2023ko deialdian, binomio banaezina ikertzaile eibartarraren bizitzan.

Juan San Martin Mutrikuko Olatz auzoko kobazuloaren atean. Argazkia: GureGipuzkoa-Indalezio Ojanguren

Juan San Martin Mutrikuko Olatz auzoko kobazuloaren atean. Argazkia: GureGipuzkoa-Indalezio Ojanguren

2023/07/11

Ikerketa-bekaren deialdia Eibarko Udaleko Euskara Sailak antolatu du, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) lankidetzan, eta helburua da euskarazko ikerketa sustatzea eta Juan San Martin eibartarra omentzea. Beka eskatzeko epea 2023ko urriaren 12an amaituko da.

2023ko deialdian (ikus oinarriak), ikerketa-eremua “Mendizaletasuna eta natura” izango da, Eibarko ikertzailearen bizitzarekin estu lotutako gaia. Juan San Martin Eibarko Klub Deportiboko bazkide beharginetako bat izan zen batzorde askotan (horietako batzuk berak sortuak), eta mendizaletasunarekin eta eskaladarekin zerikusia zuten haren lanak herritik kanpo ere asko hedatu ziren.

Mendi Batzordeko kidea 1942ko urtarrilaren 16tik, 1943ko urtarrilean Eskalada eta Goi-mendizaletasun batzordea sortu zuen, berak sustatutako batzordea. 1949ko martxoaren 15ean Mendi Batzordeko lehendakari eta eskalada eta goi-mendi alorretako ordezkari izendatu zuten Miguel Etxeberriarekin batera. 1950eko hamarkadan, Aranzadi Zientzi Elkartearekin elkarlanean hasi zen espeleologiaren arloan, eskaladari buruzko ezagutza teknikoak zituelako. Harreman horri eutsi egin zaio denboran zehar bi erakundeen artean. Mendiari buruzko hainbat artikulu argitaratu zituen Pyrenaica aldizkarian. Bertan, mendiei buruzko fitxa tekniko ugari argitaratu zituen (adibidez, Irauleko Ortza), marrazkiez eta argazkiez lagunduta. Klub Deportiboko buletin askotan ere mendizaletasunari buruzko artikulu asko argitaratu zituen.

1957ko maiatzaren 7an sortu zen Kultura Batzordearen menpeko natur-zientzien azpibatzordea —Fernando Zuloaga medikua buru zela—, eta San Martinek hartu zuen harren ardura. Natura, ingurumena, horixe zen bere kezka handienetako bat. 1962an, Club Deportiboko presidente izendatu zuten eta 1964an Kezka aldizkariaren sorrerarako aholkulari eta sustatzaile izan zen. Aldizkari horretan, haren artikulu ugari eman ziren argitara, asko eta asko mendizaletasunari buruzkoak.

Mendia eta natura, Juan San Martinentzat binomio banaezina eta Eibarko ikertzailearen izena daraman bekaren 2023ko xede eta ikergai nagusia. Urriaren 12an bukatuko da aurkezteko epea.

Eibarko Udalaren tramiteen atalean dituzu oinarriak eta jarraibideak.

etiketak: egoibarra