Udalbatzak Eibarko Udalaren Etika eta Gobernu Onaren Kodea onartu du

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2020/06/30

Onartutako testuaren helburua da arduradun publikoek bete behar dituzten gobernu onaren betebeharrak ezartzea, bai eta betebehar horiek ez betetzeak dakartzan ondorioak ere. Dokumentua atzo, ekainak 29, egin zen osoko bilkuran onartu zen, PSE-EE, Eibarko EH-Bildu eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin. Bestalde, Eibarko EAJ-PNV abstenitu egin zen.

Udal Osoko Bilkurak Eibarko Udalaren lehen Etika eta Gobernu Onaren Kodea onartu zuen atzo astelehena, ekainak 29. Kode horren helburua da Udalbatzako hautetsiek bete behar dituzten gobernu onaren betebehar nagusiak finkatzea, bai eta testuan jasotako konpromisoak ez betetzearen ondorioak zehaztea ere. Onartutako dokumentuak PSE-EEren, Eibarko EH-Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesa izan zuen, eta Eibarko EAJ-PNV abstenitu egin zen.

Onartutako Etika eta Gobernu Onaren Kodeak honako hauek jasotzen ditu: tokiko ordezkariek bete behar dituzten jokabide-printzipio eta -estandar orokorrak; betebehar orokorrak; erantzukizun publikoen egikaritza; interes-gatazkak; bai eta gobernu onaren printzipioak ere tokiko ordezkarien jardunean eta prestazio eta baliabide publikoen kudeaketari dagokionez; eta hautetsiek bete beharreko erantzukizunak eta konpromisoak, kalitate instituzionaleko politika gauzatzeko Eibarko Udalean.

Agiri horri banaka atxikitzea berariazkoa eta nahitaezkoa da gobernu-erantzukizunak dituzten ordezkari politikoentzat, bai eta alorreko zinegotzi ordezkarien aholkularitzari esleitutako behin-behineko langileentzat ere. Gobernu-erantzukizunik ez duten gainerako udal ordezkari politikoentzat, berriz, atxikimendua borondatezkoa izango da.

Ana Telleria Eibarko Udaleko Gobernua Zabalik Ordezkaritzako zinegotzi arduradunaren hitzetan, "Onartu dugun Etika eta Gobernu Onaren Kodeak herritarren konfiantza handitzeko tresna izan behar du, hautetsien jokabideari dagokionez, bai eta udal arduradunen jarduteko konpromiso publikoa ere, hautesleek emandako agindua errespetatuko dela bermatzeko”. 

Era berean, agirian ezarritako betebeharren jarraipena egiteko, Etika eta Gobernu Onerako Batzordea sortzea onartu da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: Langileriaren eta Antolaketaren arloan eskumena duen zinegotzigoaren titularra; horixe izango da batzordeburu; Eibarko Udaleko talde politiko bakoitzeko ordezkari bat; Eibarko Udaleko idazkari nagusia; eta Langileriaren eta Antolaketaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularra. 

Etikaren eta Gobernu Onaren Kode hau egiteko, kode etikoen eta jokabidearen arloko beste jardunbide egoki batzuk aztertu eta kontuan hartu dira, hala nola EUDELek 2013an egindakoa, Eusko Jaurlaritzaren Etika eta Jokabide Kodea, Tokiko Gobernu Onaren Kodea, FEMPk onartua, 2015eko martxoaren 24an, bai eta Bilboko Udalaren 2015eko azaroaren 24ko Kode Etikoa, Gobernu Ona eta Konpromiso Instituzionala delakoa, eta Barakaldoko Udalaren Etikaren eta Gobernu Onaren Kodea ere.

Dokumentu osoa www.eibar.eus webgunean eta Udal Gardentasunaren Atarian egongo da eskuragarri.

Gobernu onaren printzipioak, udal-gardentasunaren estrategian jasotakoak

Eibarko Udaleko Gobernu Batzarrak Gardentasun Estrategia onartu zuen, 2017ko azaroaren 10ean. Gardentasun Estrategia asmo handiko udal proiektua da, gardentasunarekin eta gobernu onarekin konpromiso politikoa eta antolaketarena biltzen dituena.

Agiri horretan zehazten dira Udalaren ordezkari politikoek bete eta errespetatu behar dituzten Gobernu Onaren printzipio etikoak. Eta, orain, Etika eta Gobernu Onaren Kodearen bidez, konpromiso horiek indartu nahi izan dira, eta dokumentu bakar eta bereizi bat sortu, aipatutako gaietan sakontzeko.