Udalak parte-hartze prozesu bat jarriko du abian Kirol Patronatuko erabiltzaileek Eibarko kirol instalazioen etorkizunari buruz duten iritzia jasotzeko
Eibarko Udalak Udal Kirol Patronatuko abonatuen artean parte-hartze prozesu bat jarriko du abian, inkesta eta galdetegi baten bidez, haien iritzia jakiteko Patronatua osatzen duten egungo kirol-instalazioei buruz (Ipuruako eta Orbeako kiroldegiak eta Unbeko kirolgunea), eta baita Ipuruako kirol-instalazio berrien proiektuari buruz ere.
Parte-hartze prozesu horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak, Ander Curiel Kirol zinegotziak eta Felipe Zamakola Kirol Patronatuko zuzendariak.
Prozesu horrekin Gobernu Taldeak erantzun bat eman nahi dio Eibarko Kirol Mahaiak planteatutako erabakiari, hau da, Patronatuko erabiltzaileen (10.000) iritzia jakitea herriko kirol instalazioen egungo egoerari eta etorkizunari buruz. Gaur egun Patronatuak dituen abonatuen kopurua kontuan hartuta, galdetegi honek nahi duten guztiek parte hartzeko aukera emango du.
Azken hilabeteotan, Kirol Mahaiak hainbat bilera egin ditu eragile instituzionalekin eta Eibarko kirol elkarte eta klubekin etorkizuneko instalazioetarako planak (bereziki Ipurua 2 sortzeko egitasmoa) zehazteko; orain abonatuen iritzia jakin nahi da.
Abian jarriko den parte-hartze prozesuak ez du bilatzen soilik Ipuruan (mojen konbentuko lursailetan) egin asmo diren instalazio berriei buruzko iritzia jasotzea, baizik eta, baita ere, egungo instalazioen funtzionamendua ebaluatzea, hobekuntza-puntuak aurkitzea eta/edo iradokizunak egitea, hala, erabiltzaileen proposamenak udal planetan txertatu eta epe laburrean beharrezkoak diren erabakiak hartu ahal izateko.
Parte-hartze prozesua bi modutan egingo da. Batetik, abonatu guztiei mezu elektroniko baten bidez bidaliko zaien inkestari erantzun ahal izango zaio. Eta, bestetik, inkesta hori paperean bete ahal izango da Patronatuak Ipuruan, Orbean eta Unben dituen instalazioetan. Inkestan jasotako erantzunen edukia anonimoa eta konfidentziala izango da.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Kirol Mahaitik, erabiltzaileen ordezkaritzak jakinarazi zigun ez zela posible denen iritziak ezagutzea, asko baitira. Horregatik, galdetegi honek Ipuruako etorkizuneko instalazioei buruz hitz egiteko aukera emateaz gain, Patronatuaren egungo egoeraren diagnostikoa ere egin nahi dugu, instalazioei, zerbitzuei, materialei eta abarri dagokionez. Parte hartzera animatzet zaituztet.”
Inkestari erantzuteko epea —hamar bat minutuan egin daiteke—, astelehenean hasiko da, urriak 24, eta zabalik egongo da otsailaren 20ra arte. Galdetegian hainbat puntu planteatuko zaizkie parte-hartzaileei, eta erantzunen bidez, mapa bat egin ahal izango da erabiltzaileek Eibarko kirol instalazioen egungo errealitateari buruz eta Ipurua 2 proiektuari buruz duten iritziarekin.
Erlazionatutako edukia: