Udalak bere hautagaitza aurkeztu du Tokiko Gobernantzan Europako Kontseiluaren Bikaintasunaren Zigilua (ELoGE) lortzeko

Europako Kontseiluaren Bikaintasunaren Zigilua (ELoGE).

Europako Kontseiluaren Bikaintasunaren Zigilua (ELoGE).

2021/10/15

Gobernantza eta berrikuntza demokratikoaren bikaintasuna lortzen duten tokiko gobernuei Europako Kontseiluak egiten dien aitortzarik gorenena da. EUDEL da Euskadiko udaletan Zigilua ezartzeko egiaztatutako eskualdeko plataforma, 2017tik. Aitorpen hau lortzeko Udaleko langileen ekarpenak behar dira, eta baita herrian bizi diren herritarrenak ere. Horren haritik, eibartarrek aukera izango dute balorazio-inkesta bat betetzeko tokiko demokraziaren izaerari dagokionez, 2021eko azaroaren 14ra arte.

Eibarko Udalak bere hautagaitza aurkeztu du Tokiko Gobernantzaren Bikaintasuneko Europako Zigilua (ELoGE) lortzeko, EUDELek —Euskadiko udaletan Zigilua ezartzeko egiaztatutako plataforma— egindako 4. deialdiaren barruan.

Euskadiko Udalen Elkarteak adierazi duenez, “aitortza-sistema bat da, Europako Kontseiluak bultzatua, helburu duena tokiko gobernuek batera jardutea udal gestio eraginkor eta efiziente baterantz, jasangarritasun-ikuspuntu batekin”.

Zigiluak gobernantzaren etengabeko hobekuntza bultzatu nahi du, zerbitzu publikoen kalitatean, herritarren parte hartzean eta haien espektatibak asetzen dituzten politiketan eragiteko.  

Jon Irola alkatearen hitzetan, “ELoGE Zigilua” behar dugun bultzada da  gobernantza onaren ereduan aurrera egiten jarraitzeko eta Eibar, gure hiria, pertsonen arteko topagune ideala bihurtzeko”. Eta zera gehitu du: “dudarik gabe, asmo handiko erronka bat da, baina konfiantza daukat Udalak bereizgarri hau lortzeko dituen aukeretan. Hala ere, nahiz eta aurten ez lortu, aukera ona izango da geure burua ebaluatzeko, hobetzeko eta berriz ere hurrengo deialdian aurkezteko.”.

Gobernantza Onaren 12 printzipioak

EloGE metodologia autoebaluazio-sistema berritzaile bat da:  tresnak 97 adierazle ditu Gobernantza Onaren 12 printzipio neurtzeko, zeinak Europako demokraziaren funtsezko balioak ordezkatzen dituzten: hauteskundeak eta ordezkaritza eta parte hartze bidezkoa; erreakzio-ahalmena; eraginkortasuna eta efizientzia; irekitasuna eta gardentasuna; zuzenbidezko Estatua; jokabide etikoa; konpetentziak eta gaitasunak; berrikuntza eta aldaketarako jarrera irekia; jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa; finantza-kudeaketa ona; giza eskubideak, kultura-aniztasuna eta gizarte-kohesioa; eta kontuak emateko beharra.

Inkestak herritarrei eta hautetsiei

Ebaluazio-sistemarekin batera, zeina erakundearen beraren kontu izango den, inkestak egingo zaizkie herritarrei eta hautetsiei emaitzak alderatzeko.  Horren harira, Udalak galdetegi bat egin du herritarrek tokiko demokraziaren izaera ebaluatzeko.  Tresna honen bidez, herritarrek Udalari buruz duten ikuspegia eman ahalko dute gobernantza onaren 12 printzipioetan oinarrituta. Inkesta gaurtik (ostirala, urriak 15) hasita bete ahalko dira 2021eko azaroaren 14ra arte, honako webgunearen bidez: https://formularioak.eibar.eus/es/gobernantzademokratikoa/ (euskaraz, https://formularioak.eibar.eus/eu/gobernantzademokratikoa).

“Horregatik, Eibarko Udalak herritarren laguntza eskatu nahi du galdetegia betetzeko eta iritzi, sentsibilitate eta ikuspuntu desberdinak jasotzeko, horiek guztiek informazio erabilgarria eta probetxugarria eskainiko baitute garrantzizkoak diren alderdietan hobekuntza-ekintzak lantzeko”, ziurtatu du Ana Telleria Gobernu Irekiaren Ordezkaritzako arduradunak.

Inkesta borondatezkoa da eta jasotako informazioa anonimoa izango da; hortaz, ezingo dira norbanakoen erantzunak identifikatu.

Aurreikusten da urtean zehar aurkeztuko direla ebaluazio- eta partaidetza-prozesu honetan jasotako datuak eta emaitzak.

ELoGEren abantailak

ELoGE metodologiak hainbat abantaila ditu, hala nola Gobernantza arloan Europako Kontseiluko adituen metodologiarekin lan egitea edo udalerriak beren artean irizpide komunen arabera konparatu ahal izatea.

Halaber, autoebaluazio-tresna bat da tokiko gobernuaren indarguneak eta ahuleziak identifikatzea ahalbidetzen duena; aldi berean, Europan jardunbide egokien aitortza eta zabalkundea egiteko balio du; horrekin batera, gobernantzaren eta zerbitzu publikoen etengabeko hobekuntza sustatzen du, eta herritarren parte hartzea bultzatu.