Eibarko Udala

Martitzenetik aurrera bilerak egingo dira berriz ere Eibarko auzoetan, herritarrek beren proposamenak egin ditzaten

2022/11/07
Amaña auzoan egindako bilera baten artxiboko irudia.
Azaroan zehar zazpi bilera egingo dira herriko auzoetan. “Bilera hauek aukera ona dira auzokideei entzuteko eta, horrela, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren eskaerak gure agendan sartu ahal izateko”, alkatearen hitzetan.

Hil honetan egingo dira berriz ere herritarren proposamen, iradokizun edo erreklamazioak ezagutzeko Eibarko Udaleko arduradunen eta herriko auzoetako bizilagunen arteko bilerak. Guztira zazpi izango dira hilaren 8tik 23ra bitartean; topaketa hauek balio izango dute, beste behin, auzoetako bizilagunek beren proposamenak Udalari azaltzeko.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “oso garrantzitsua da herritarrek aukera izatea topaketa hauetan beren kezkak guri zuzenean helarazteko. Nahiz eta urtean zehar gurekin harremanetan jartzeko modua izan, bilera hauek egokiera ematen dute bertara joan nahi duten bizilagun guztien ahotsa entzuteko, eta, hala, gure agendan egin daitezkeen lanak sartzeko, betiere teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira”.

Lehenengo bilera Eibarko ekialdeko herritarrekin egingo da martitzen honetan, azaroak 8, 18:30ean, Beheko Tokia jubilatuen etxean. Hurrengo egunean, eguaztena, hilak 9, Legarre auzoko bizilagunekin izango da bilera; iaz bezala, eta modu ez-ohikoan, Udaletxeko batzar-aretoan izango da, 19:00etatik aurrera.

Hurrengo astean, azaroaren 15ean (martitzena), 19:00etan, erdigune-ekialdeko bizilagunekin egingo da bilera Coliseoan.  Hilaren 16an (eguaztena), Amaña auzoko txanda izango da; bilera parrokiako lokaletan egingo da 19:00etan. Ipuruako hitzordua hilaren 17an izango da, ordu berean, auzoko jubilatuen egoitzan.  

Hurrengo topaketa Untzagako jubilatuen etxean izango da, hilaren 22an, 19:00etan, eta herriko erdiguneko herritarrentzat izango da.

Azkenik, aurtengo zikloa Urkiko bilerarekin amaituko da; hilaren 23an izango da, 19:00etan, auzoko parrokiako lokaletan.  

Udal ordezkariak hauek izango dira: alkatea bera, leku bakoitzeko auzozaina, udaltzainburua eta Zerbitzu, Obra eta Hirigintza sailetako zinegotziak eta teknikariak, horiexek izaten baitira herritarrek planteatutako arazoetan gehien aipatzen diren sailak.  

Ertzaintzaren gertutasunezko agente bat ere egongo da mahaian, herritarren segurtasunari buruzko gaiak aztertzeko, eta Debabarreneko Mankomunitateko ordezkari bat, hondakinen bilketarekin eta bide-garbiketarekin lotutako gaiak jorratzeko.

Parte-hartze prozesu honetan jasotzen diren proposamenak aztertu eta hausnartu egingo dira, haien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren arabera, udal sailen lanetan txertatzeko.