Eibarko Udala

Europako Kontseiluak eta EUDELek ELoGE 2021 Bikaintasunaren Zigilua eman diote Eibarko Udalari

2022/01/19
Jon Iraola Eibarko alkateak zigilua jaso du Gorka Urtaran EUDELeko presidente eta Gasteizko alkatearen eskutik.
Eibarrek, beste bost euskal udalekin batera, Europa mailako sari hau jaso du gaur, urtarrilak 19, asteazkena; aitorpenak tokiko gobernuen kalifikazio gorena egiaztatzen du gobernu onaren, kalitatearen eta berrikuntza demokratikoaren 12 printzipioren arabera. Eibarko Udalak autoebaluazioa egin du, Europa osorako tresna komun batean oinarrituta eta Eudelek Euskadiko espezifikotasunera egokitutako 97 adierazle erabilita. Horrekin batera, balorazio-inkesta bat egin zen eibartarren eta hautetsien artean, emaitzak alderatzeko. Emaitzak kanpoko auditoria batek neurtu eta baloratu ditu azken hilabete honetan, eta EUDELek (ELoGE batzordea) ziurtatu ditu.

Eibarko Udalak Europako Zigilua lortu du Gobernantzaren Bikaintasunean (2021), gaur goizean, Bilbon, Eudelen (Euskadiko Udalen Elkartea) egoitzan egindako ekitaldi batean.  Bai Jon Iraola alkateak, bai Zigilua jaso duten udaletako —Andoain, Urnieta, Bilbao, Basauri eta Vitoria-Gasteiz— ordezkari politikoek Gorka Urtaran Eudeleko presidente eta Gasteizko alkatearen eskutik jaso dute saria.

Gainera, Europako tokiko gobernuentzako “labela” banatzeko ekitaldian, Alina Tatarenko Europako Kontseiluko gobernantza-buruak parte hartu du telematikoki, ELoGE sustatzen duen erakundearen buru den aldetik. Eudeleko zuzendari nagusi Mª del Mar Zabalak, komunikazio ofiziala egin du, ELoGE Batzorde Instituzionalaren akta irakurriz. Erakundearteko batzorde hori da zigilua ematearen ardura duena, eta Eusko Jaurlaritzako eta hiru foru-aldundietako eta Eudeleko ordezkariek osatzen dute.

ELoGE Batzordeak ziurtatu du, sei udalen ebaluazio globalean oinarrituta, Zigiluaren IV. edizio honetan kalifikazio onena duten printzipioak honako hauek direla: Printzipioa.-Aldizkako hauteskundeak, ordezkaritza eta parte-hartze bidezkoa; 2. Printzipioa.- Erreakzio-ahalmena;3. Printzipioa.- Eraginkortausna eta efizientzia; 8. Printzipioa.- Irekitasuna eta gardentasuna; eta 11. Printzipioa.- Giza Eskubideak, kultura-aniztasuna eta gizarte-kohesioa.

ELoGE (The European Label of Governance Excellence) Europa mailako saririk handiena da bikaintasunaren kalifikazioa egiaztatzen duten tokiko gobernuentzat,  gobernu onaren, kalitatearen eta berrikuntza demokratikoaren hamabi printzipioko zerrenda batean.  Europako Kontseiluaren autoebaluazio-sistema zorrotz batean oinarritutako aitorpen bat da, eta haren helburua da udal kudeaketa eraginkor eta efizienteago bat lortzea, eta baita jasangarritasun-ikuspegi bat izatea ere.

Eibarko Udalak, bere aldetik, eskura dituen frogak aztertu ditu 97 adierazleri erantzuteko, zeinek udalaren jardunaren alderdi guztiak hartzen baitituzte, hala erakunde mailan, nola gizartearekin duen harreman estuan. Aztertutako atalak hauexek dira, besteak beste: administrazio-izapideak, kontratazio-prozedurak, finantza- eta aurrekontu-kudeaketa, hautetsien jokabide etikoa, herritarrek parte hartzeko dituzten kanal edo organoak, gardentasun eta berrikuntza publikorako tresnak, bai eta Giza Eskubideen sustapena ere, berdintasuna, aniztasuna, inklusioa eta gizarte-kohesioa ardatz gisa hartuta.

Eibarko Udalak egindako autoebaluazio-prozesua iazko urritik azarora bitartean burutu zen, eta emaitzak kanpo-auditoretza batek neurtu eta baloratu ditu eta EUDELek (ELoGE Batzordea) egiaztatu. Amaierako txostenak konfidentzialak dira eta Udal bakoitzak bakarrik erabiltzekoak.

Autoebaluazio-prozesuarekin batera, Eibarko herritarrek eta Udalbatzako gainerako hautetsiek balorazio-inkesta bat betetzeko aukera izan zuten, zeina loteslea izan ez bazen ere balio izan zuen udal barruan egindako autoebaluazio-prozesuaren emaitzak alderatzeko.

ELoGE ez da behin betiko eskuratzen, izan ere, berriztu egin behar da bi edo hiru urtetik behin.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Eibarko Udalak Zigilua lortzea beste aurrerapauso bat da administrazio hurbilago, gardenago eta berritzaileago bat sustatzeko erronkan; administrazio bat gobernantzaren arloko egungo eskakizunetara egokitzea lortuko duena, herritarren itxaropenak betez eta azken xede horretan arreta berezia jarriz.”

Iraolak, gainera, zera azpimarratu du:  “Zigilua lortzea ez zen izan gure Udalaren helburu nagusia proiektu honetan sartu ginenean, lortu nahi genuena zen gure gobernagarritasun demokratikoaren benetako egoera agerian utziko zuen autoebaluazio prozesu bat egitea; eta, zorionez, egoera hori bikaina izan da;  prozesuaren beste helburu bat izan da hobetu ditzakegun alderdiez jabetzea, erakundea herritarrengana are gehiago hurbiltzeko eta konfiantza areagotzeko.”

Aurrerantzean, Iraolak ziurtatu duenez, “Ez gara Zigilu hau lortzearekin soilik konformatu behar, orain garrantzitsuena gure gobernagarritasun-maila onari eustea baita, egunez egun herritarrentzat lan eginez, eta helburu eta erronka berriak ezartzen jarraitzea, hala, hemendik bi edo hiru urtera sari hori berriz eskuratzeko. 

Bestalde, Ana Telleriak, Gobernu Irekiaren Ordezkaritzako zinegotzi arduradunak,  esperientzia“oso positibotzat eta aberasgarritzat” jo du, eta eskertu egin du “proiektuan parte hartu duten udal teknikariek egindako lan eskerga, hari esker lortu baita Zigilua.”   

Eta gaineratu du: “Gobernu Irekiaren Ordezkaritzatik proaktiboki lan egiten jarraituko dugu errealitate berrira egokitutako gardentasun eta gobernu onaren politikak bultzatzeko, zeinetan herritarren parte-hartzeak paper garrantzitsua eta guztiz erabakigarria izango baitu.”

Eibar, Euskadiko 12 zigiluen artean

2017 eta 2021 urteen artean ELoGEren lau edizio egin dira Euskadin, eta guztira hamabi udalek lortu dute bikaintasunaren egiaztagiria.  Lau udalek lortu dute zigilua bi aldiz, haien artean Basauri eta Urnieta, aurten ere aitorpena berriztuko dutenak.  Edizio honetan orain arte halakorik izan ez duten udalak sartu dira: Bilbo, Gasteiz, Eibar eta Andoain.

Orain arte, Europako ehun bat (127) udalek bakarrik dute Europako Kontseiluko sari garrantzitsu hau.  Zerrenda esklusibo bat non Euskadiko udalak dauden, eta estatu mailan, bakarrik Parets del Vallés.

ELoGE Zigilua duten Euskadiko udalak era guztietako tamainako udalak dira:

  • 10.000 biztanletik behera: Andoain, Legazpi eta Urnieta*
  • 10.000-20.000 biztanle:  Bermeo, Ermua* eta Laudio
  • 20.000 – 70.000 biztanleak: Basauri*, Eibar, Irun*, Leioa
  • 200.000tik gorako biztanleak: Bilbao, Vitoria-Gasteiz

*(bi ELoGE Zigilu)

Gobernu Onaren 12 printzipioei buruzko 97 adierazle

ELoGE metodologia bateratua eta berdina da Europako udal guztientzat. Euskadin aplikatzeko, Eudelek urtebete eman zuen autoebaluazio-sistema (benchmarking) EAEko toki-esparruko araudi eta errealitate espezifikora egokitzen. Lan horren ondorioz, 97 adierazleren matriz bat lortu zen Europako Kontseiluaren Gobernantza Onaren estandarrak betetzeko.

Hamabi printzipioek Europako demokraziaren funtsezko balioak ordezkatzen dituzte, eta Nazio Batuen garapen jasangarriko helburu eta erronkekin lerrokatuta daude.  Hauexek dira: Hauteskundeak eta ordezkaritza eta parte hartze bidezkoa; (2) Erreakzio-ahalmena; (3) Eraginkortasuna eta efizientzia; (4) Irekitasuna eta gardentasuna; (5) Zuzenbidezko Estatua; (6) Jokabide etikoa; (7)  Konpetentziak eta gaitasunak; (8) Berrikuntza eta aldaketarako jarrera irekia; (9) Jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa; (10) Finantza-kudeaketa ona; (11) Giza eskubideak, kultura-aniztasuna eta gizarte-kohesioa; eta (12)  Kontu-emateko beharra.

Udalek printzipio guzti-guztiak betetzen dituztela egiaztatu behar dute, froga dokumentalak aurkeztuz. Froga horiek publikoak eta eskuragarriak izan behar dute (web-orriak, gardentasun-atariak edo bestelakoak).

Horrekin batera, inkestak egiten zaizkie hautetsiei eta herritarrei.  Ez dira lotesleak, baina autoebaluazioaren emaitzak alderatzeko balio dute.  

Parte hartu duten udalen ezaugarri komun bat izan da autoebaluazioa egiteko seriotasuna, zorroztasuna eta autoexigentzia. Edizio guztietan, azterketa sakon bat egin da, eztabaida eta alderakaeta politiko-teknikoan oinarrituta. Udal ordezkariek modu positiboan baloratu dute esperientzia.

Erlazionatutako edukia: