Eibarko Udaleko aurrekontua: irekia eta irisgarria herritar guztientzat

Eibarko Udaleko aurrekontua: irekia eta irisgarria herritar guztientzat

Ana Telleria, Ogasun zinegotzia eta Gobernua Zabalik Ordezkaritzaren arduraduna, eta Sonia Pérez, CIVIO Fundazioko (irabazi-asmo bariko erakundea) zerbitzuburua.

2017/11/08

Eibarko Udalak webgune berri bat sortu du erakundearen aurrekontuak ikusteko modu interaktibo, ulergarri eta gardenean. Ekimen hori 2016-2019 Komunikazio Estrategian dago jasota, eta Gobernu Batzarrean onartu zen 2016ko abenduaren 23an. Eibar da Gipuzkoako lehen udala ekimena abian jartzen, eta bigarrena Bilboren atzetik Euskadi osoan.

Eibarko Udalak urrats garrantzitsu bat eman du herritarrekiko harreman gertuagoak izateko eta baliabide publikoak nola kudeatzen dituen hobeto jakinarazteko. Hala, gaur, asteazkena, azaroak 8, Udalak webgune berria aurkeztuko du: noradoaznirezergak.eibar.eus (erderaz, dondevanmisimpuestos.eibar.eus). Gardentasunerako beste pauso bat da eta Fundación Civio-ren laguntza teknikoa izan du. Bertan, edozein herritarrek kontsultatu ahalko du ikusteko modu erraz eta gardenean nola kudeatzen diren udal aurrekontuak, nondik datozen udalaren diru-sarrerak, zein diren gastuaren politikak eta nora doan gure dirua. Proiektu berritzaile honek udal kudeaketa herritarrengana hurbiltzea du helburu eta 2016-2019 Komunikazio Estrategiaren parte da; Gobernu Batzarrak 2016ko abenduaren 23an onartu zuen agiri hori.

Udalaren  webgune honetan, dagoeneko kontsulta daiteke 2013-2016 aurrekontuei buruzko informazioa. Ekimen honek, erraz alderatu daitezkeen datuekin eta nazioarteko estandar onenei jarraituz, diru-sarreren eta gastuen egoera erakusten du bai aurrekontua planifikatzeko unean, bai gastua gauzatzean ere —benetan zer gastatzen den—. Hala, edozein herritarrek kontsultatu eta ulertu ahal ditu gastu-programa zehatzei buruzko kontuak, hala nola,  genero-berdintasunaren sustapena edo  ikastetxeen funtzionamendua.

Eibarko Udalak eta Civio Fundazioak elkarlanean jarri dute abian proiektua xede batekin: informazioa ulergarria izatea bai aurrekontuari buruzko ezagutzarik ez duten pertsonentzat, bai aurrekontua zertan eta nola gastatzen den gehiago sakondu nahi dutenentzat. Klik pare batekin eta menu-barra oso erraza edo bilatzailea erabiliz, herritarrek gastu-partida zehatzak topatu ahalko dituzte, nahiz eta ez jakin zein aurrekontu-programari egozten zaizkien. Gainera, webgunearen datu guztiak formatu ireki eta berrerabilgarrietan deskarga daitezke, Open Dataren praktika onei jarraituz. 

Ana Telleria Ogasun zinegotzi eta Gobernua Zabalik Ordezkaritzaren arduradun andrearen esanetan, “webgune berri honekin, Gobernu taldeak beste urrats bat eman nahi du Gobernua Zabalik Ordezkaritza sortzean hartu genuen konpromisoan: Udalaren jarduerari buruzko informazio zehatza, benetakoa, ulergarria eta erabilgarria ematea. Gaurtik aurrera, edozeinek eskuratu ahalko du udal aurrekontuen gaineko informazio osoa eta zehatza; horrekin, herritarrak beren erakunde gertuenekora, Udalera, hurbiltzea lortuko dugu eta baita erakundearenganako konfiantza areagotzea ere".

Lehena Gipuzkoan eta bigarrena Euskadin

Eibarko Udala lehena izango da Gipuzkoan udal aurrekontuak erakusteko halako ekimen berritzailea martxan jartzen eta bigarrena, Bilboren atzetik EAEn. Eibar, gainera, tokiko eta erkidego mailako beste gobernu batzuekin batera ari da berrikuntzak egiten Fundacion Civioren laguntza teknikoarekin, ikuspegi zibiko bat aplikatzeko gardentasunaren eta gobernu irekiaren ekintzei.

Webgune hau Dónde van mis impuestos erramintan oinarritzen da,  Civiok garatua eta erabilera publikoari irekia Aragón Open Datari esker. Espainian, beren aurrekontu-kudeaketa eraginkortasunez komunikatzeko tokiko eta erkidego mailako erakundeek gehien erabiltzen duten plataforma du. Autonomia-erkidego hauek erabiltzen dute: Gaztela-Mantxa, Nafarroa, Kanaria Uharteak, Balear Uharteak, Murtzia, Aragoi edo Euskal Autonomia Erkidekoa; baita udalek ere: Madril, Bartzelona, A Coruña, Santiago de Compostela, Castelló, Móstoles eta Torrelodones. 2016an,  Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioak (FEMP) Dónde van mis impuestos–Pinto berrikuntza eta gardentasunerako Praktika Ontzat aukeratu zuen.