Eibarko Udalak zerbitzu publikoari begirako bideo korporatibo bat argitaratu du, bere sail, zerbitzu eta unitateen gaineko informazioa eman eta haien balioa nabarmentzeko

Eibarko Udalaren bideo korporatiboaren esloganaren irudia.

Eibarko Udalaren bideo korporatiboaren irudia.

2023/04/03

'Eibarko Udala, zure zerbitzura’ lelopean, bideo berriak erakundea bere osotasunean erakusten du, eta herritarren esku dauden zerbitzu, izapide eta jarduerak azaltzen ditu. Bideoa eskuragarri dago Eibarko Udaleko Youtube kanalean eta www.eibar.eus udal-webgunean.

Eibarko Udalak bideo korporatibo bat egin du, Udalaren sail, zerbitzu eta unitateek egiten duten lana balioan jarri eta herritarrei erakusteko haien zerbitzura dagoela, behar duten guztietan. Bideo berria —agintaldi honetan garatu beharreko ekintza gisa jasota dago 2021eko otsailean onartutako ‘2021-2023 aldirako Komunikazio eta Gardentasun Planean’— eskuragarri dago bai Eibarko Udaleko YouTube kanalean bai www.eibar.eus webgunean, ‘Udala’ atalean.

Eibarko Udala, zure zerbitzura lelopean, bideoak ibilbide bat jasotzen du irudietan, udaletxean hasten dena, Untzaga plazan, non herritarrek kontsultak, zalantzak, izapideak edo eskaerak egiteko erabil ditzaketen udal bulego eta zerbitzu nagusiak erakusten diren. Besteak beste, Pegora, Herritarren Zerbitzurako Bulegoa, Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB), Diruzaintza eta Diru-bilketa, Kontratazio eta Dirulaguntzak, Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza, Obrak, Hirigintza, Ingurumena, Zerbitzuak eta Udal Artxiboa.

Ondoren, Portaleko irudiak erakusten dira (Bistaeder 10): Kultura Saila -Juan San Martin Udal Liburutegia barne-, Euskara eta Gizartekintza, eta baita heziketari dagokion eskaintza ere, publiko guztiei zuzendua, udal-eskoletan, hala nola, Marrazkia eta Pintura, Zeramika, Juan Bautista Guisasola Musika Eskola eta Udal Euskaltegia.

Halaber, tarte bat eskaintzen zaio Armagintzaren Museoari: “Arma-tradizio handiko hiri baten memoria historikoa eta industria-ondarea zaintzera eta zabaltzera bideratutako gune bat, non bisitariak ibilbide bat egin ahalko duen Eibarko historia industrialetik eta eboluzio teknologikotik zehar, XIV. mendetik gaurdaino.”

Gainera, ikus-entzutezkoan, aipamen berezi bat egiten zaio Andretxeari, Emakumearen Etxe berriari (Isasi 11) “berdintasunerako Udal Zerbitzuaren baliabide bat eta herritarrei zabaldutako gune bat, Eibarren berdintasunaren eta tratu onen alde lan egitea helburu duena”. Bideoan adierazten da, baita ere, “topaketetarako, kulturartekotasunerako, emakumeen ahalduntzerako, elkarteentzako eta herritarren partaidetzarako leku bat dela”.

Kultura-, kirol- eta aisialdi-eskaintza, bai gazteentzat, bai helduentzat

Udal-instalazio nagusiak erakusteaz eta horietako bakoitzean eskura dauden zerbitzuak deskribatzeaz gain, bideo korporatibo berriak gure hiriko kultura-, kirol- eta aisialdi-eskaintza ere balioan jartzen du.

Coliseo antzokiak, Portaleko erakusketa-aretoak edo Errebal Plaziak protagonismoa hartzen dute errepaso honetan; azpimarratu behar da zinema-, antzerki-, ikuskizun- eta erakusketa-eskaintza zabala eta askotarikoa.

Jazinto Olabe eta Indianokua ludotekak, esaterako, gaztetxoentzat; espazio horietan hainbat jarduera egin eta urte osoan antolatzen diren tailerretan parte har dezakete. Edo Untzagako edo Beheko Tokiko jubilatu-etxeak ere bideoan nabarmentzen dira.

Jarduera fisikoa eta kirola ere pertsona guztien ongizatearen elementu nagusiak dira. Horretarako, bideo berrian, Ipurua, Orbea edo Unbeko instalazioetan dagoen eskaintza zabalaren berri ematen da.  

Kirola egiteko aukera ematen duten herriko beste toki batzuk alde batera utzi gabe, hala nola “Eibar Ibilixan” proiektuaren barruan dauden ibilbide osasungarrien sarea, kaleko gimnasiako aparatuak, hala nola Berdintasun Pasealekuan jarritakoak, Saratsuegiko skate-pista edo udal-pilotalekuak (Astelena, Legarre, Altzubarren Azitainen, Amaña…) palaz eta esku-pilotan jokatzeko.

Azkenik, bideo honetan, Udaltzaingoaren plantillak herritarren segurtasuna zaintzeko egiten duen lana ere azaltzen da, baita Udal Brigadako langileek gure hiria zaintzeko eta abegikorragoa, atseginagoa eta erosoagoa egiteko egiten duten lan nekeza ere, lehenengo gunetik azken guneraino.

Bideo korporatiboa: 'Eibarko Udala, zure zerbitzura'